San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoa
Egitaraua: Nikolai Rimski-Korsakofen 'Errusiar Pazko Handia-ren obertura', Max Bruchen 'Biolinerako kontzertua' eta Piotr IllitxTxaikovskiren 6.Sinfonia 'Patetikoa'. Zuzendaria: Juri Temirkanov. Biolin jotzailea: Sayaka Shoji. Lekua: Kursaal auditoriuma. Eguna: abuztuak 28.
Berebiziko kalitate tekniko ikusgarria duten musikariak elkartzean, orkestra sendo eta boteretsu bat sortzeko aukera paregabea ager daiteke. San Petersburgoko orkestrak musikari handiak ditu ezaugarri teknikoei erreparatuta, eta duten abilezia nabarmen horrekin edozein lan sakon burutu dezakete, eta baita maila ezin hobeagoa lortu ere.
Halere, ez dute horretarako gogo hori azaldu Juri Temirkanoven agindupean. Piotr Ilitx Txaikovskiren azken hats den Patetikoa sinfonia ezin da sakontasunik gabe interpretatu, notak jo, orkestra erraldoi baten soinu boterea lortu baina nota eta melodia bakoitzaren esanahiari erantzun fin bat eman gabe. Etsipen handiko sentsazioa izan genuen, oso makala. Temirkanoven besoek ez zituzten musikarien arimak batu, eta musika sutsu horren indarberritzea ezerezean geratu zen; horren erakusgarri, Allegro molto vivace tristea.
Bezperan jorratutako Sergei Prokofieven Ivan Izugarria-n metalaren eraso basatiek bazuten lekua, hura zorrotz eta gogor jo daitekeen obra delako. Baina ez Txaikovski. Esaldi oso luzeak, musika garraiatzeko norabide ulerkorrak eta zama handiko intentsitate dinamikak ez ziren inondik inora agertu, bai musikarien geldotasun onartezinarengatik, bai Temirkanoven erruagatik.
Kontzertuko lehenengo zatian ikuspegi berbera: elkarlan hain zorrotza ez duen Max Bruchen Biolinerako kontzertua gutxi ikasia azaldu zen Sayaka Shoji eta Terminakoven arteko erlazioan. Shojik teknika deabrutsua baina sentibera falta agertu arren, ez zuen orkestraren laguntza sentitu, musikaren oszilazioetan ez baitzuen Temirkanov erne baten presentziaz gozatu. Kontzertu egokia, lehengai preziatuez hornitutako musikari pila, baina ematean oso bakun mugatzen diren horietakoak. Ahal duenak duen guztia ematen ez duenean, amorru sentipenak guztiz hartzen gaitu, eta ezin horrela ondorio baikorrak atera.
Donostiako 73. Musika Hamabostaldia. Kritika. Kursaal Auditoriuma
Amorru galanta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu