Kritika. Zinema

Artisauen irudimena

Gontzal Agote.
2012ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
'The Pirates! Band of Misfits'



Zuzendariak: Peter Lord eta Jeff Newitt. Bikoizleak: Hugh Grant, Salma Hayek and Jeremy Piven. Herrialdea: Erresuma Batua / AEB. Iraupena: 88 minutu.

Egunerokoan bezala, animazioan gauza txikien xarma eta balioa dira behin eta berriz aldarrikatu behar diren kontu ezinbestekoak. Are gehiago animazio generoak ordenagailuen bitarteko efektu berezi mirarigarriak deskubritu zituenetik. Orduz geroztik dena da posible; apenas den mugarik. Su festak nonahi eta nolanahi fabrikatzen ahal dira, eta askotan ikusleak ez du astirik izanen eskaintzen ari zaion zaparrada irensteko.

Teknologiak izaten ahal dituen alde positiboak gutxietsi gabe, artisauen lana goraipatu behar da arlo honetan ere. Animazio arloan, stop motion teknikak du marrazkiz marrazki egiten zen animazio mota horrekin antz handiena, eta hura ari da bere urritasunean maila artistikoan emaitzarik onenak lortzen: Coraline (Henry Selick, 2009), Fantastic Mr. Fox (Wes Anderson, 2009)...

Teknika horretan iaioak dira Aardman estudiokoak. Wallace and Gromit izan zen haien aurkezpen txartela eta, gutxitan gertatzen den moduan, orduan pelikula hori euskaraz ikusteko aukera izan genuen. Ordutik hona, britainiarraren prestigioa izugarri handitu da, eta, zorionez, haien lanek izan duten harrera onak ez du kalitatearen galera ekarri. Pixarekin gertatzen ari den disneyzazioa ez da oraindik ailegatu Aarmandera.

Gozamen hutsa da The Pirates! Band of Mistifs, artez eta maitasunez egindako bihurrikeria ezin biziagoa. Izenburuak argi adierazten du piraten inguruko pelikula bat dela honakoa, baina kasu, generoaren ohiko topikoekin zerikusirik ez duen istorio bat da Peter Lordek zuzendu duena.

Piratak bai, baina askoz gehiago da filma. Besteak beste, garai victoriarraren erretratu dotorea da. Xumetasunez eta xehetasun txikien bitartez orduko Londres ekarri dute pantailara. Orduko aurkikuntza zientifikoak dira istorioaren beste oinarri nagusia.

Istorioak ez ditu ohiko topikoak bilatzen, apenas den itsas girorik, are gutxiago abordatze ikusgarririk. Johnny Deppen bertsio animatua bilatzen duenak ez du halakorik aurkituko, eta, beharbada, zapuztuta aterako da aretotik. Komedia britainiarraren tradizio emankorrari jarraikiz, ironiaz eta atrebentziaz jositako film bat da The Pirates! Band of Mistifs. Charles Darwin zientzialari ukiezina bufoi eta Victoria erregina etsai bihurtuta, zuzentasun politikoa zer den ulertu nahi ez duen pelikula zirikatzaile bat da honakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.