KRITIKA. Musika

Aste Santu euritsua

Arkaitz Mendoza.
2015eko martxoaren 31
00:00
Entzun

Academy of Ancient Music

Zuzendaria: Edward Higginbottom. Egitaraua: Johann Sebastian Bach-en 'San Mateoren araberako Pasioa'. Lekua: Donosstiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Martxoak 26.

Aste Santuko elizkizun eta barnera biltze prozesurako Johann Sebastian Bachen edozein Pasio entzutea erabaki oso aproposa da, baina San Mateorena aukeratzen baduzue are eta hobeagoa. Alemaniarrak idatzitako obrarik sakonena da, barrengo sentipen lazgarrietatik sortua. Musikaren historian musika atal honen garrantzia sekulakoa da eta interpretazio gutxi iristen dira obraren lilura guztia nabarmentzera. Academy of Ancient Music taldeak eskainitakoa oso urrun geratu zen, adibidez. Entzuleak obraz gozatzen, Bachez eta haren arkitekturaz, baina entzundakoa gainetik irakurtzen den eduki tuntuneko aldizkari bat zirudien hark, partituraren dolura iristeko oztopo ugari zituena.

Haizezko instrumentuetan, artikulazioa leunegia, labaingarria eta ahulegia. Barroko garaiaren hain ezaugarria den barne erritmo setatsua guztiz irauli zen Edward Higginbottomen zuzendariaren adierazpen eta musikarien ematean. Bitan zatitzen den orkestran, biolinak pozgarri aritu ziren afinazio kontuetan, batez ere Toby Spence tenorraren errezitatiboetan. Edonola ere, indar falta nabarmena izan zen interpretazioan; baina bolumen kontuetan ez, musikarien gogo eta intentsitatean baizik. Bachen obrarik ilunena izan daiteke hau. Harmonian iraultzaile, noten arteko loturetan istilu asko, disonantziak garaile... eta dotorezia hori auditoriumari eskaini behar zaio, eliza erritoaren mezua patxada handiko sentipena izateko.

Ebanjelaria eta Maria Keohane sopranoa izan ezik, beste abeslari guztien partaidetza urriegia izan zen kalitateari berari erreparatuz gero, behintzat. Higginbottom zuzendariak gazteriaren aldeko apustua egin du, baina hainbesteko sona duen musika talde honentzako emaitza eskas geratu da; ahots garrantzitsu eta helduagoak behar genituen Pasio hau gailentzeko. Dena dela, badaude goraipatu beharreko musikariak, hori bai; hara hor lehenengo orkestrako etengabeko baxu instrumentuak, biolontxelo eta organo ziurrak, Pasioa-ren bilakaeran erritmo aldaketa sendoak aplikatuz. Obra ikaragarria; interpretazioa, berriz, ez ikara ez garri. Badirudi aurtengo Aste Santua euritsuagoa izango dela; hala ematen du, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.