Kritika. Zinema

Ator hawaiiarrak

Gontzal Agote.
2012ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
'The Descendants'

Zuzendaria: Alexander Payne. Aktoreak: George Clooney, Shailene Woodley, Beau Bridges

Judy Greer, Matthew Lillard. Herrialdea: AEB. Iraupena: 115 minutu.

Gaizki ulertzerik ez egoteko, aitorpen batekin hasiko dut testua: jasangaitzak zaizkit drama egin behar izateko komedia ukituak sartzera bere burua derrigortuta ikusten duten pelikulak. Alde horretatik, iturri klasikoetara itzultzea da nire basamortuko aldarrikapena; drama egin nahi duenak, bere ondorio guztiekin egin dezala: hildako eta eriak, sufrimendu dosi handia, eta malko eutsiezinak.

Era berean, komediaren bidea hartu nahi duenak, jakin badaki ez dela erraza izanen; ikusleari irribarrea bahitu behar zaio, istorio fundamentuzko bat kontatzen zaion bitartean.

Zinema estatubatuar garaikidearen joera nagusia ez da iritzi berekoa, eta, ikuslearen harrera hobea lortze aldera, bi mutur horiek nahastearekin tematuta dago. Argi da gisa horretan emaitza askoz ere «atseginagoa» dela, drama ez da horren gordina, eta barrearen eraginez ikusleak lasaiago aterako dira aretotik. Kontua da emaitza ona lortzeko oso ongi jakin behar dela dosiak orekatzen, eta gaur egun zuzendari gutxik dute horretarako abilezia nahikorik.

Alexander Payne horietako bat da, baina pena da oraingoan lasterbide bat hartu izana. Orain arte zuzendari estatubatuarra ederki aski moldatu da bi uren artean mugitzen, ez batean ez bestean guztiz murgildu gabe. Baina The Descendants honekin irrist egin du, nabarmen gainera.

Ziurrenik, komertzialki bere pelikularik arrakastatsuena izanen da —ikusi besterik ez da egin behar jasotzen ari den lore kritikoak eta izendapen ugari—, baina bere filmik kaskarrena egin du Paynek, orain arteko filmografia eredugarria orban itsusi batez zikindu.

Abiapuntu interesgarriak eta girotze ezohikoak, laster batean karikaturaren itxura hartuko dute. Zein da alaba nagusiaren ustezko mutil-lagunaren rola? Horren basajaun ez dela erakusteko berak ere familia istorio latz bat bizi duela aitortu behar ote du? Benetan inportantea al da burgeskume horien lurrekin gertatuko dena? Zertara dator eta nora doa guztiz jokoz kanpo dagoen bigarren azpi-istorio hori? Sinesgarria al da ama/emaztea hilzorian dagoen bitartean aita-alabak irlaz irla ibiltzea haren maitalearekin solasaldi bat izateko? Little Miss Sunshine akordatzen?

Askok maisulan bat ikusi dute The Descendants-en. Hortik oso urrun dago utzi didana, zuzendari interesgarri batekiko eta Hawaiiko lur idealizatuekiko desliluratzea besterik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.