'Ispilua' eta'Gabriel Gabrielle'
Konpainiak: Aldatzen Laguntzen eta Atx Teatroa.Lekua: Aulestiko udal aretoa. Egunak: Apirilak 10 eta 12.
Okerrik ezean, VII. ediziotik dabiltza Artedrama Euskal Laborategiak urtero antolatzen dituen antzerki-topaketak. Aste guztian zehar Euskal Herriko zenbait lekutatik etorritako antzezleak eta antzerki ikasleak Aulestin elkartu eta bizitasun handiko jardunaldiak atontzen dituzte, erabateko militantziaz eta bertako udalaren babes osoarekin, diru-laguntzetan izandako murrizketak gorabehera.
Egun osoko jardunaldia amaituta, leporaino betetzen da udal-aretoa Aulestiko zein inguruko zaletuekin, eta asteon Joxe Mari Carrere ipuin kontalaria, Traboules taldearen txotxongiloak eta hiru antzerki konpainia programatu dira: Aldatzen laguntzen izeneko taldea Ispilua-rekin etorri da, Atx teatroak Gabriel Gabrielle ekarri du eta Khea Ziater-en Gloriaren kantua barikuan egon da. Amaiera ekitaldia herriko pilotalekuan izan zen, atzo, Ramon Agirre eta Inazio Tolosaren Xentimorik gabe izeneko pieza gustagarri eta sailkaezinarekin.
Esandako azken lan biak beren garaian komentatu nituen orriotan, baina Ispilua eta Gabriel Gabrielle berriak izan dira niretzat, nahiz eta bata zein bestea aspalditik dabiltzan hortik bueltaka. Ispilua antzerki amateurraren eredu bikaina da, eta haren inguruan genituen espero guztiak bete zituen, merezimendu osoz gainera. Ion Martinez eta Saioa Royo sendotasun handiz ibili ziren taula gainean irudimenezko antzezlan baten prestaketan eta, aldi berean, bikote-bizitzaren disekzio gordina eta umoretsua egin zuten. Ion Martinezek berak idatzitako testuak abilidade polita erakutsi zuen ekintzaren plano biak elkarren osagarri izan zitezen, eta bikoteak erritmo sostengatua eta sinesgarritasuna bermatu zituen, dramaturgia irudimentsuaren laguntzaz eta eremu eszeniko apal batean.
Gabriel Gabrielle, berriz, antzerki profesionaletik eratorritako ariketa eszenikotzat jo ahal dugu. Taula gainean Iñaki Ziarrusta ibili da bakarlari, baina aktorearen baitan beste pertsonaia batzuk agertzen joan dira, eta haien artean aberri salbatzaile patetikoa eta pailazo gizatiarra nagusitu dira. Izan ere, muturreko figura haien arteko tentsio aberasgarritik elikatu da emanaldia, testua lar intelektuala izan arren, niretzat behintzat. Ziarrustak, osterantzean, bere kemen osoarekin defendatu du lanaren planteamendua, bizkaiera batuaz berba eginez eta itzelezko zehaztasuna eta esangura emanez keinuei, ahotsari, begiradari eta, zelan ez, presentzia eszenikoari.
Kritika. Antzerkia
Aulestiko laborategia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu