Literatura. 'BOGA BOGA'

Aurrera doan ontzia

Iratxe Esnaola.
2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Egilea: Itxaro Borda.

Argitaletxea. Susa.

Amaia Ezpeldoi detektibearen azken abentura esku artean dugu. Boga Boga da Bordak osatu saga ezagunaren azken emaitza, Bakean ützi arte, Bizi nizano munduan, Amorezko pena baño eta Jalgi hadi plazara aurretiazko lanen ostean, Delirium Tremens taldearen abestiari izenburua lapurtuta dakarkiguna. Oraingo honetan, Iparraldeko detektibe rural lesbianak Lapurdiko kostara eta Baionara garamatza, 80ko hamarkada berrinterpretatzeko parada hartuz, baina horregatik gaurko egoera alde batera utzi gabe, bi denbora planotan mugituz. Daniel Elgebeltzen Jana arreba orain dela 25 urte desagertu zen 1985eko Baionako festetan. Bi ikerketa lerro badira desagerpena argitzeko: Lapurdiko kostetan bortxaketak egin zituen serial killer batena, eta 80ko ETAko kide eta laguntzaileen peskizan dabilena. Elgebelztarrak 80ko abertzaletasun jakin baten seme-alabak dira, euskaltasuna egikaritzeko molde jakin batenak. Desagerpenaren kausaren atzetik, bai ETAk eta bai GALek Iparraldean utzi ondorioez mintzo da liburua. Daniel Elgebeltz eta Ezpeldoiren mundu ikuskera kontrastatzen dira, eta kontraste hori —kontrasteak, berez— liburuaren ardatzetako bat dira, zenbait girotan hegemoniko izan den euskalduntasunaren ikuskerari berriak txertatuz. Pertsonaiak ETAk izan zuen antolaketa ereduarekiko ezadostasuna adierazten baitu, hierarkia, obedientzia, jendea eliminatzeko moduak kritikatuz. 80ko hamarkadako berriinterpretazio kritikoa egitearen beharraz ari da, egiazki. Gaurko planoan, berriz, ETAren su-eten behin betikoa emana da, eta horrek pertsonaia anitzen irakurketa aldi berean anitzak erraztu dituela iruditu zait.

Gaurkotasunaren termometroari so egin nahi izan dio egileak, eta horretarako modua kale garbitzaile baten ikuspuntua txertatzea da. Ezpeldoik Baionako kaleak garbitzen ditu, eta berak ikusten ditu ondoen kapitalismoaren soberakinak. Baionak beretzat nahi ez duen pobrezia, Europako pobrezia zabalkorra, hiriguneetatik at nahi dutena baina zabor artean bizi dena. Atalaia horretatik, narratzaileak pentsakizunak plazaratzen ditu etengabe, pintzelada laburrez. Kapitulu bakoitzean txertatzen du digresioren bat honetaz edo hartaz gogoetatzeko. Dela industrien pixkanakako desagertzea hiri kontsumistaren moldean, dela hiritarren bizi-baldintzen okerragotzea banku eta aferagileen ardura gabeziagatik. Gustatu zait hori, azken urteetan Espainian kaleratutako eleberri lesbiko askok klase ertain altuko profesionalak irudikatu baitituzte, jendarteko espektro zabalagoa erakusteke. Bestalde, keinu ugari egiten ditu beste sorkuntzetara. Detektibe generoaren zaleentzat omenaldirik bada: Lili Rush (Cold Case), Samantha Spade (Without a Trace), Dana Scully (The X -Files) ageri dira, besteak beste. Gainera, lesbiana publikoen mila eta bat erreferentzia daude, musika, literatura eta pentsamenduaren alorrekoak. Beste behin, genero rolei egiten die kritika. Genero konkretu batez esleituak diren hainbat lanbide, kirol edo aktibitate —errugbia, kale garbitzea— genero pisuaz desjabetzeko saioa da, eta, nola ez, elizaren lesbofobia ez da aipatu gabe geratzen. Egia da badituela detektibe kontakizunetan egoten diren hainbat errepikapen —jipoitzea eta osteko osatzea; klase altuen ustelkeria—, baina leku errepikatuak izanagatik, ongi onartzen dira. Etorkizuna optimismoz begiratzea eta berraurkitzearen aukeran sinestea azpimarratuko nituzke amaieratik, bukaera ez atsekabezko bat proposatu izanarekin batera. Iraganaz mintzatu nahi den baina aurrera doan ontzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.