Hans Ole Thers
Lekua. Donostiako San Inazio Eliza.
Eguna. Abuztuak 9.
Katedraleko organoaren distira faltaz hitz egin nuen atzo, nahiz eta organo joleek interpretazio duinak eskaini. Honakoan kontrako sentsazioa izan dut: San Inazio Elizako Walcker organo neoerromantikoa bikain zaintzen da, soinu epel eta biribila du flauta erregistroetan eta tuttia ozen eta arranditsu hedatzen da. Organo instrumentua, osasun paregabean; organo jolea, erdi gaixo. Hans Ole Thers organo jole daniarrak errezitaldi kaskar bat jorratu zuen Musika Hamabostaldian. Hasierako Georg Friedrich Haendelen 5. Organorako Kontzertuak erritmo falta jasangaitza sufritu zuen; etengabeko inprobisazio ariketa zirudien, teklatuan barrena saltoka eta musikaren nondik norakoan eten pila. Harrigarritzat defini genezake laguntzaile barik azaldu izana; daniarrak pasatzen zituen musika orrialdeak, eta erregistro aldaketak laguntzarik gabe gauzatu zituen, soil-soilik. Erregistro bat atera edo kentzeko esku bat askatu, bertan gauzatzen ari zen musika eten eta inongo arazorik gabe aurrera jarraitzeak axolagabeko erantzunkizun lotsagarri bat azalerazten du.
Barroko garaiko musikarekin amaitzeko, Dietrich Buxtehuderen Preludio eta Fuga Re Maiorrean aurkeztu zuen; bertan abilago sentitu genuen daniarra, eta organoaren koloreak intentzio argiagoz nabarmendu zituen. Danimarkako musikaz gozatzeko unea iritsi zen jarraian: Johan Peter Hartmann eta Niels Wilhelm Gade musikagileen obrak ponpoxo iradoki ziren, entzungarri, ireki eta melodia ederrez hornituta. Max Regerren God save the Queen Ingalaterrako ereserkiaren bariazioetan erritmo nahasia eta eroa itzuli zen, Thersek ezin izan zuen esaldikapenen norabidea argi adierazi eta askotan galdu samar azaldu zitzaigun. Charles-Marie Widorren 10 sinfonietatik ezagunena aukeratu zuen errezitaldia amaitzeko, bosgarrena. Hiru txatal oparitu zizkigun eta hor guztiz erotu zitzaigun organo jolea, erregistroak atera, jaso, partiturako orrialdeak dantzan … Zentzugabekeriak areagotuz joan ziren, amaierako Toccata azkar eta ikusgarria makal eta goibel sentitzeraino.
Donostiako 73. Musika Hamabostaldia. Kritika. Organo zikloa
Axolagabekeria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu