'Bits'
Konpainia: Tricicle. Antzezleak: Joan Gracia, Paco Mir, Carles Sans. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Irailak 12.
Barrearen arteari ekiten jarraitzen dute Tricicle konpainiako kideek Bits izeneko muntaian. Beraiek esaten dutenez, honako hau beren ibilbideko azkena izan daiteke, eta ulertzeko modukoa da zeren eta, ondo pentsatuta, hogeita hamar urte pasatxo daramate ikuskizunak sortzen. Hala ere, beren taktika komertzialetako bat ere izan daiteke, urte hauetan guztietan frogatuta utzi baitute, umore arloan bikainak izateaz gain sen berezia daukatela beraien sorkuntzak errentagarriak izan daitezen. Bulkada komertzial horren lekukorik gordinena izan zen Tricicleren konpainia klonikoa, sortua izan zelako jatorrizko esketxak antzezle kontratatuek taularatu zitzaten.
Ekimen harekin, ordea, argi geratu zen barrearen ziztada eraginkorra izan dadin ez dela nahikoa teknikak eta gidoiak menperatzea, eta besteengan barrea sortzearena dohain bat dela gehienbat, gehiago edo gutxiago landu daitekeena —eta hiru lagunek ondo landu dute, zinez—, baina dohain bat dela azken finean, hau da, jaiotzetikoa, ikasi ezin dena, ezin dena transmititu. Beraz, pozteko modukoa da hiru jaun nagusi hauek umeak balira bezala jolasten ikustea, eta gainera, asko da oraindik hasierako espiritu jostagarriarekin jarraitzea eta umore zuriaren arlo zailari ekarpenak egin ahal izatea, beren betiko estiloari fidel izanik.
Egia esan, baina, oraingo honetan zertxobait aldendu dira beren jatorrizko estiloaren ezaugarrietatik, eta hitzak nahiz pantailako irudiek pisu nabarmena hartu dute dramaturgian. Hitza bi bidetatik etorri da: alde batetik, off-eko ahots batek esketxak aurkeztu ditu edo haietariko batzuen parte izan da; eta, bestetik, antzezleek ere esan dituzte esaldi labur batzuk esketx batzuetan, egoerak errazago bideratzeko eta gag batzuei berehalako etekina ateratzeko, nahiz eta horrekin umorearen purutasuna galdu.
Bestetik, informatika kontuak aitzakia hutsa izan dira atalen artean nolabaiteko loturak ezartzeko, eta eskerrak!, mundu zibernetikoa zeharo idorra izaten delako taula gainera eramaten denean. Tricicleko partaideek, aldiz, txinpartak atera dizkiete gizakien txikikeriei, esketx erabat berriak aurkeztuz eta aspaldiko pertsonaia batzuk beste egoera batzuetan kokatuz. Bide horretatik, denetarik ikusi dugu, baina atal batzuk bikainak izan dira, eta haien artean daude ur gezetako arrantzaleena, supermerkatuarena, casting-arena eta, zelan ez, Les Luthiers-en omenez egindakoa.
Kritika. Antzerkia
Barrearen artea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu