Kritika. Dantza

Bejart hilezina

Agus Perez.
2012ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Bejart Ballet Lausanne

Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: martxoak 16.

Bilboko Arriaga antzokiko sarrera guztiak agortu ditu Maurice Bejart handiaren ondarea kudeatzen duen konpainiak, eta gaualdiko egitarau hirukoitzean maisuaren estilo hilezina gogoratu eta haren dizipulu hurkoaren bidea ezagutu dugu.

Hain zuzen ere, esangura handikoa izan da Gil Roman izatea gaueko lehen piezaren sortzailea, garbi geratu zedin berarena dela orain konpainiaren ardura. Eta, aldi berean, zoragarria izan da ikustea Bejarten bide beretik ibiliz nortasun propioa garatu ahal dela, garai batekoak bezain sublimeak diren piezak sortuta. Horretarako, baina, Roman bezalako dantzari eta koreografo paregabea izan behar da, ibilbide profesional osoa sinesten duzun ideia horren zerbitzura jarrita.

Aria izeneko Romanen pieza luzeak Teseo eta Minotauroren mitoa hartzen du aitzakiatzat gizakiaren funtsezko dualtasunean arakatzeko, eta zeremonia bateko giro arkaikoan murgildu gaitu lehendabiziko eszenatik. Arimaren muinera zuzenean jotzen duten elementu artegagarriak agerraraziz —triziklo itxurako piano bertikala, minotauro piano-jolea, kulunka banatan dauden hiru Ariadna estilizatuak…— sinbolismo sakoneko paisaia erdi abstraktu erdi onirikoak atondu ditu eta, tauromakia eszena politak tarteko, bereziki ederrak izan dira Ariadnaren rola jokatu duten hiru dantzariak. Soinu-bandak ere goiari eutsi dio une oro, pasarte iragarle ilunak, Bachen sonata laburrak, harizko in crescendo indartsuak eta Inuit herriko serie bokal erritmikoak konbinatuz. Koreografian zehar zazpi solista handik parte hartu dute, eta une batzuetan konpainiako kide guztiak ere agertu dira, tragedia klasikoko koruarena edertasun handiz irudikatuz.

Atsedenaldiaren ostean Bejarten beraren pieza bi etorri dira. Mephisto valse izenekoan ballet klasikoko finezia osoa eta naturaltasun handiagoko pas de deux garaikideak tartekatzen dira. Dawid Kupinskiren grand jete eta airetiko espiral bizkorrekin bereziki gozatu genuen, eta hala Mephistoren mitoaren girotze klinikoak nola amaiera umoretsuak Bejarten izaera baikorra gogorarazi ziguten.

Amaierako Bolero izugarrian 36 gizonezkok inguratzen dute, geldirik eta aulki banatan jesarrita, erdiko plataforma gorrian sentsualki dantzatzen duen emakumea (Elisabet Ros 16ko emanaldian). Apurka-apurka, ordea, eta emakumearen mugimendu hipnotikoek bultzatuta, gizonek hartu zuten protagonismoa, eta pelbisetako astindu erritmikoak zein gorputz-enborreko eta besoetako gihar zizelkatuak haien begiradaren indarrarekin ibili ziren lehian. Arriaga antzokia jausteko zorian egon zen, txalo zaparradaren eraginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.