Kritika. Antzerkia

Bera hil, gu jaio

Agus Perez.
2012ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
'En la luna'

Konpainiak: Teatro de la Abadia, Teatre Lliure. Egile eta zuzendaria: Alfredo Sanzol. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Maiatzak 25.

Franco hil zenean jaio zen gure belaunaldia». Hitz horiekin deskribatzen du Alfredo Sanzol —Madril, 1972— zuzendari eta egileak En la Luna antzezlaneko funtsa, eta diktadorearen osteko egunetan hasten da kontakizuna, nahiz eta benetako kontakizunik ez egon, egileak haur baten ikuspegitik gogoratu baitu garai haietako gizartea.

Izenburuak adierazten duenez, ilargian egotearen sentsazioa transmititu nahi izan da, eta xede horri begira, eremu eszeniko oniriko batean agertu dira pertsonaiak: AEBetako bandera txiki batek Ilargia zapaldu izanaren gertakizuna gogoratu digu etengabe, eta atzeko aldean Lur planetaren irudia proiektatu da, baina leku bitan aldi berean, egoera guztien irrealtasuna horrela azpimarratuz. Esanguratsua izan da jantzien diseinua ere, eszena guztietan berbera izan delako antzezleen barne karakterizazioa areagotuz.

Egileak umeen nahasmendu berdinean aurkeztu ditu gogorapenak eta jazoerak, eta dramaturgia apal baina sormentsua baliatu du kontakizunei bizitasuna emateko eta haietariko batetik bestera jauzi egiteko. Besaulkitik ikusita, ordea, koadro laburren segida hutsa iruditu zaigu batzuetan, batez ere kontuan izanda haietariko batzuk mami gutxikoak zirela eta pertsonaien diseinuan jarrera diskurtsiboa eta geldotasun fisikoa nagusitu direla. Atal gehienetan, ordea, asmakuntza bikainaren tonua hartu du muntaiak, eta bikaintasunaren eremu horretan ezin hobeak izan dira Otsoa eta zazpi antxumeak ipuinaren berreraikitze artegagarria, urtebetetze festan izandako maitemintze patetikoa eta bide-bazterretan lurperatutako errepublikanoen omenezko eszena.

Azkenik, esan beharra dago aktoreen esku geratu dela proposamena aurrera eramateko ardura, hizketaldi askoren gatz eta piperrak lagunduta, eta arlo horretan nabarmentzeko modukoak izan dira haien guztien presentzia eszenikoa, rol batetik bestera istant batean jauzi egiteko abilezia eta, bereziki, umeen jarrerak barneratzeko erakutsi duten gaitasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.