Bruce Springsteen
Noiz: ekainaren 2an, larunbatean. Non: Donostian, Anoeta estadioan. Ikusleak: 45.000 inguru. Ia beteta.
Iraupena: Hiru ordu.
Berdin du zein motibazio daukazun kontzertura joateko. Berdin du zer zaren: lauzpabost abesti dakizkiena, zale porrokatua, fanatikoa edo ikuskizunera lanera doana. Bustitzen, blaitzen baldin bazara ere, berdin du. Sarreren prezioa 63 eta 83 euro artekoa dela? Berdin du. Protagonista urrun, ia ez baldin baduzu ikusten ere, berdin du. Igual, ez du joko gehien maite duzun abestia, baina berdin du. Beharbada, gainera eroriko zaizu ondoan dantzan duzuna, edo garagardo katxi baten erdia hustuko dizute burutik behera. Berdin du, Bruce Springsteenen zuzeneko emanaldiak harrapatuko zaitu eta. The Bossek, 62 urterekin, konbentzituko zaitu bere abestiekin, rocka, soula, folka eta bluesa nahasteko moduarekin, karismarekin, keinuekin, epikarekin eta esfortzu fisikoarekin, eta pentsatuko duzu zure barrurako ikuskizun bikain bat ikusi duzula eta, zirkunstantziak gorabehera, merezi izan duela.
Batez ere, nolabaiteko zintzotasuna eta energia transmititzen duelako agertokiaren gainean dagoenean. Haren presentzia hutsak metroak eta metroak betetzen ditu, eta, hortaz, haren absentzia izugarri nabaritzen da. Joan den larunbatean kostatu zitzaion fanatikoen, zaleen edo lanera joan zirenen aurrean agertzea. 21:00etan zen hastekoa emanaldia, baina ordu erdi geroago Springsteenen arrastorik ez. Jendea, bien bitartean, «oe, oe, oe»-ka kantuan, txistuka edo olatuarena eginez. Urduri antzean, bai, Springsteen Springsteen da eta. Orduan, trumoiak eztanda egin zuen bat-batean, eta bost minutu geroago agertu zen protagonista agertokiko absentzia betetzera.
Lehen hitzak, euskaraz: «Gabon, mila esker! Gabon, Donostia!». Berdin du hitzak kortesiazkoak baino ez badira. Berdin du, kontzertua hasteko Creedence Clearwater Revival-en Who'll Stop The Rain joko du-eta, bildutakoei konplizitate keinu bat eginez. Zoragarria. Hastera doa festa hipnotikoa. Aletuko ditu Wrecking Ball (2012) azken diskoko izen bereko kantua eta We Take Care of Our Own. Tartean, The Ties that Bind zaharra, ederra, eta My City of Ruins soula eta gospela maisuki uztartuz. Jadanik barkatuta dago Springsteen, sarreraren prezioa garestia izateagatik edo atzeratzeagatik.
Hurrengo sei edo zazpi abestietako batzuetan erabakiko du, atariko gisa, krisiaren eta boteretsuen aurkako diskurtso nahiko azalekoa egitea, baina berdin du, beste batzuen atarian «one... one, two, three, four!» amorruz nola esaten duen pantaila erraldoietan ikustea handia baita. Eta hartuko du aho soinua, eta emango die merezitako protagonismoa Steve Van Zandt eta Nils Lofgren gitarra jotzaileei, E Street Band-eko kide zaharrei. Konbentzituko zaitu, ziur, taldearen soinuak. Aratza, indartsua, zehatza...
Emozionatuko zaitu ume bat Waiting on a Sunny Day abestera gonbidatuko duenean —The Rising (2002) laneko kantu hori eta Mi City of Ruins eta azken diskoko zazpi doinu kenduta, emanaldia, 28 abestikoa, 1984ra bitartean kaleratutako diskoetakoetako kantuekin osatu zuen—. Hurrena, agian ez zara oso eroso sentituko, gauden egoeran egonda egin dezakegun gauza bakarra «errezatzea» dela esango duenean; batez ere hark, luxuei uko egiten ez dienak. Baina ahaztuko duzu esandakoa, konbentzituko zaitu, bisean Hungry Heart, Born to Run, Born in The USA eta Seven Nights to Rock klasikoak nola lotzen dituen ikusita. Korrika batean. Izerdituta, bustita hura ere bai, nahi beste energia transmitituz eta irribarre batekin.
Zuk ere eutsiko diozu irribarreari, berdin du, konbentzituta, azken aurreko abestian, Dancing in The Dark mitikoan, beste hiru ume dantza egitera aterako dituenean. Eta bukaeran merezi izan duela esango diozu zeure buruari, azken doinuan, 10th Avenue Freeze Out-en Clarence Clemons lagun mina omenduko duenean.
Kritika. Musika
Berdin du, konbentzituko zaitu eta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu