Kritika. 73. Musika Hamabostaldia. Antzinako Musika Zikloa

Bero zein ero

Arkaitz Mendoza.
2012ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
'Raquel Andueza& La Galania'

Lekua: Donostiako Santa Teresa komentua.

Eguna: Abuztuak 10.

Bero eta ero, hotz eta motz. Bero zein hotz sentitu ginen Anduezaren ahotsa entzutean, sentipen oro bizpahiru segundotan elkartu eta urtzeko ahalmena berpizten baita nafarra agertzean, edozein emanaldi motz geratzeraino. Erotasun apur bat txertatu nahi izan dio kasu honetan Anduezak entzunaldiari, Yo soy la locura diskoaren zenbait obra azalduz, eromena musikaren edozein txokotatik biziaraziz. Sekulako ahots garden, bizi, xarmagarri eta xuxurlaria du Anduezak; bazkalostean, tximiniaren berotasunean, udazken goibel baten izar artean, arima baketu eta berotu dezakeen musika tantak izaterainokoa. XVII. mendeko espainiar eta frantziar musikak aurkeztu zituen, bere senarra (Jesus Fernandez Baena) tiorban eta Cesar Hualde maisua gitarran zeudelarik. Kontzertua aurrera zihoan heinean, nahiz eta maisutasun paregabez interpretatu, Anduezaren ahotsa hain dirdaitsu eta eztitsu hedatzean, geroz eta gogaikarriago bilakatzen hasi ziren bi instrumentuen musika laguntzak, sobera sentitzeraino.

Musika Hamabostaldian parte hartu zuen azkeneko aldian italiar musika gerturatu zigun Anduezak, eta horretan erosoago sentitu nuen bere musikatzea. Herenegungo errezitaldia kristorena izan zen, maila ikaragarrikoa baina aukeratutako zenbait obra nahiko xume geratu ziren musikalki adierazten zuten interesagatik. Obra politak, entzungarriak, Anduezaren ahotsean harribitxiak, baina barne egituran bakunegiak. Jean Baptiste Lullyren Sé que me muero txataleraino Andueza berotuz joan zen, hasieran zalantzatsu, geroxeago kilikagarri eta amaieran suhar, bero, maitasun kartsu bizian. Lullyren obran maitasun hitza zoko guztietatik definitu zigun, sufrimendua eta bizi nahia, urtzaldia eta epeltasuna, itotzea eta arnasaldia. Hara hor Juan Hidalgoren Sólo es querer obra maitekorra, Hualderen gitarra apaindura ederrean eta Baenaren tiorba sostengu tinkoan. Eromena plazan, zoramena Anduezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.