'Wild Bill'
Zuzendaria: Dexter Fletcher. Aktoreak: Charlie Creed-Miles,Will Poulter, Sammy Williams. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 97 minutu.
Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean estreinatu du Dexter Fletcher aktore britainiarrak (The Elephant Man, Band of Brothers) bere lehendabiziko lana. Umore handiko filma aurkeztu du, eta oso dibertigarria suertatzen da. Atsegina eta entretenigarria da, eta protagonistarekin identifikatzea ez da batere zaila egiten. Zortzi urte luze igaro ditu espetxean, baina haren samurtasunak berehala harrapatzen zaitu. Duen aurpegiarekin ezin du pertsona txarra izan.
Beste hainbat filmetan bezala, lehenengo eszenan protagonista kartzelatik irteten da. Etxera joaten da, baina bi semeek ez dute espero, eta amak abandonatu ostean etxean bakarrik bizi direnez ez dute ezezagunei aterik irekitzeko ohiturarik. Bill etxera sartzen den lehen aldian mozkortuta eta droga poltsa batekin agertzen da. Badirudi uste baino nekezagoa gertatuko zaiola aurreko bizitza uztea eta aldatzea. Bizitzak eman dion bigarren aukera aprobetxatuko ote du?
Inguruak ez dio batere laguntzen, eta semeek hasieran zail jarriko dizkiote gauzak. Deanek 15 urte ditu eta obra batean lanean dihardu, eta txikiena arazoetan sartzen da behin eta berriz. Gazteenak aita ez du ezagutu ere egiten, eta zaharrenak ez dio abandonatu izana hain erraz barkatuko. Gaizkileak ageri diren arren, familiari buruzko film xaloa dela esan daiteke; ez dauka Quentin Tarantinoren zinemarekin zerikusirik. Zuzendariaren helburua aitaren eta semeen artekoa kontatzea da. Abesti ugari entzun daitezke film osoan, eta nekagarria suerta daiteke askorentzat, baina Mogwai taldearen musika entzun ahal izatea opari bat da. Momentu dramatikoenei beharrezko duten indarra ematen die, eta primerako doinuak dira emozioak azaleratzeko.
Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi-Zuzendari Berriak
Beste aukera bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu