Parisko Orkestra (bigarren emanaldia)
Zuzendaria: Yoel Levi. Pianista: Jean-Frederic Neuburger. Egitaraua: Hector Berliozen Kortsarioaren Obertura, Robert Schumannen Pianorako kontzertua eta Ludwig van Beethovenen Hirugarren sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal Auditoriuma. Eguna: abuztuak 24.
Parisko Orkestraren bigarren agerraldia; protagonista berberak, zuzendari, musikari zein piano bakarlari. Aldatu beharrekoa musika bera zen eta esku-egitaraua zabaltzean betiko musika azaldu zitzaidan. Auditoriuma gainezka, musika oso ezagunak, Robert Schumannen pianorako kontzertu famatua, Ludwig van Beethovenen sinfonia bat … arrakasta diru bilketan baina planteatutako musiketan inongo berrikuntzarik ez, betikoa. Ezaguna den oro zizta berri batekin gozatzeko, sekulako interpretazioa egin behar da, eta, horretarako, ez zen eguna izan.
Metal instrumentu talde osoa prest Hector Berliozen Kortsarioaren Obertura-ri ekiteko. Yoel Levi zorion pozez orkestraren familia guztiak batutarekin astintzeko, erritmo handiko musika gizen honi behar bezalako aztarna helarazteko. Hasiera bikaina, Parisko Orkestra maila paregabean eta guztiz prest Robert Schumanni agurra emateko. Bezperan pianistaren ezker eskua sakonki aztertu eta gero, bere eskuin eskuaren trebeziaz jabetzeko grina genuen. Hasi orduko sentipenak ez ziren oso onak izan, bezperan ezker esku solte eta librea erakutsi zuena eskuin esku tenk batekin azaldu zen, guztiz zurrunduta. Yoel Levi eta Jean-Frederic Neuburgerren ikuspegia guztiz zerutiarra izan zen Schumannekin, soinu gordin eta dotore gutxi, oro pisu gabe, frantziar eran. Intermezzo pasarte polit bat eskaini arren, ez zen bezperako Maurice Ravelen kontzertuak koroatutako mailara iritsi, orkestra txiro, soinu bakunegi bat eta tinbala nortasunik gabe.
Hamarkada luzeetan frantziarrek musika frantziarra interpretatzean ezin hobeak zirela uste zen, beste dena maila berean ulertuko ez balute bezala. Gaur egun orkestra handietan munduko edozein herrialdetako musikariak biltzen dira, baina egia da bakoitzak bere musika hobeto ulertzeko gaitasuna hor duela bizi-bizirik. Parisko Orkestrak Claude Debussy eta Maurice Ravel liluragarriak eskaini ditu Musika Hamabostaldian; Ludwig van Beethoven, aldiz, handikiro eta boteretsu, irizpide erromantikoegietan, hara hor agertokian genituen zortzi kontrabaxuak, kopuru handiegia Beethoven fidagarri bat lantzeko garaian. Hori bai, Parisko Orkestrak kutsu dotorea utzi du Musika Hamabostaldian, ea gaindiezina den.
Donostiako 73. Musika Hamabostaldia. Kritika. Kursaal Auditoriuma
Betiko musika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu