Artea. Kritika

Betiko?

Yes... forever erakusketaren ikuspegi bat. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
2012ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Artea
'Yes... forever'
Non: Donostiako Altxerri galerian. Noiz arte: apirilaren amaiera arte.


Martxoaren 2tik ikusgai dira Donostiako Altxerri galerian Edu Lopez (Donostia, 1965) eta Ana Roman (Bilbo 1962) artistek azken urteetan jarraitu duten sormen bidearen bereizgarri diren artelanak, Yes... forever izenburupean aurkeztuak. Erakustokia partekatzeaz gain, bi artista horiek euren tailerra eta bizitza ere partekatzen dituzte duela hogei urtetik gutxi gorabehera, 1989-91 artean biak Alemaniako Kassel hirian Eusko Jaurlaritzaren bidez bi urteko arte ikasketak egiteko hautatuak izan zirenetik. Denbora luze honek, halere, ez du bien sorkuntzen arteko elkarrizketa bat sortu, eta nahiz eta artelanen artean harreman honen arrastoren bat atzeman dezakegun, argi dago bakoitzaren lanak berezko nortasuna daukala.

Erakusketara ongietorria Ana Romanen argi-kaxek ematen diote ikusleari. Duela bi urte Eusko Jaurlaritzako diru laguntza jaso ondoren hasi zuen proiektuaren emaitza da hau. Argiak eta koloreek erabat linealak diren elementu grafikoak azaleratzen dituzte, eta lehen begirada batean Julian Opieren soslaiak eta Takashi Murakamiren animazioen pertsonaia eta forma borobilduak gogorarazten dizkiguten formak sortzen. Argi dago lan hauek era metodiko batean landuak izan direla. Artistak berak elkarrizketa batean aipatzen zuenez, lan prozesu geldoa eta oso kontrolatua izan zen, eta prozesuaren trinkotasun hori nabaria da lanetan. Argiak (argindarrak), kolore planoek eta elementu sinpleen elkarketak nolabait gaur egungo espazio publikoetako seinaletika gogorarazten digute, baina begirada oso pertsonal batekin. Seinaleen sinpletasuna eta argitasuna forma xalo, borobildu eta diseinuaren mundutik gertu dauden elementu eta formekin nahasten dira, eta emaitza ezberdinak sortzen. Alde honetatik bereziki interesgarriak dira I am a machine eta Listen to me lanak.

Argiaren kontrol honek lehertzear dagoen zerbaiten susmoa ematen du, argiak kontrol horretatik askatu nahi balu bezala, sortutako zirrikituak apurtuz. Kolorearen, euskarriaren eta marrazkiaren arteko harreman berri bat sortzen da, eta hau guztia argindarraren bitartez biltzen da. Puntu honetan sortzen da artelan hauen interesa, metalezko kaxa honetan gordetzen den argiaren kontrolean, eta nola erabili duen artista bilbotarrak argindar hori elementu eta forma kontrolatuak sortzeko. Erakusketako aurkezpena irakurtzerakoan Francis Picabia edo Marcel Duchampen erreferentziak aipatzen dira. Niri lotura hauek nahiko urrunekoak iruditzen zaizkit.

Erakusketako sarrerak galeriako areto nagusira garamatza. Bertan pintura lanak euskarri klasikoan aurkezten dira, ia denak Edu Lopezenak, Romanen bi pintura-lanen salbuespenarekin. Donostiarraren pinturetan formatu eta prozesu ezberdinak aurkezten dira, baina berehala haren lan multzo bat erabat gailentzen zaio gainontzekoari: kolore plano handi eta linearen erabileraren bidez pop artea eta komikiaren mundua gogorarazten diguten formatu ertaineko pinturak. Koadro hauetan Hergeren marrazkiak eta pertsonaiak XX. mendeko arkitektura abangoardiekin nahasten dira, bi artistek sortu dituzten artelanak ere arkitektura hauetan erreproduzitzen direlarik. Kutsu dadaista bat sumatzen da, Equipo Crónica taldearen oroitzapen batekin batera. Hasierako azaleko komiki eta pop kulturak askoz interesgarriagoa eta aberasgarriagoa den barren bat gordetzen du burutsuki.

Edu Lopezek, elkarrizketa batean, Romanenarekin alderatuz bere lan prozesua eragabetzat jotzen du. Bilbotarraren lan prozesua laborategi batenarekin alderatzen du, eta berea kontrako esparruan kokatzen. Agian, lanerako orduan ez da sortu bien arteko loturarik, baina artelanetan muinean badago sormenerako bide komun bat. Romanen lanek beren barrutik sortzen den argian daukate oinarria, eta gainontzekoa azalean gelditzen da, barrualde horri bidea erakutsiz; Lopezen kasuan ere, azaleko pinturek barnealdeko erreferentzia aberatsagoak gordetzen dituzte. Hortxe dago bi artista hauen arteko harreman argi bat, ikusleari euren gogoetak aurkezteko aukeratutako bideetan; kontakizunaren eta kontatutakoaren harreman bat, plastikotasunaren eta kontzeptuaren arteko bidea.

Eta kontakizunaren eta kontatutakoaren artean sortzen den talkatik dator artistek erakusketarako aukeratu duten titulua: Yes... forever. Espresio hori Klaus Schneiderren Gespräche mit einem bot (Bot batekin elkarrizketa) lanetik dator, non egileak adimen artifizial batekin elkarrizketa bat duen. Artistek diotenez, espresio hori bere emozio-balio sintetikoagatik aukeratu dute, adimen artifizial batekin elkarrizketan inork ez baitaki non bukatzen den jokoa; joko hauxe da bi artista hauek euren lanetan aurkezten dutena, azalaren eta muinaren arteko hartu-eman bat, kiribil baten modura bata bestearekiko etengabeko lotura sortzen doana.

Betiko? Nork daki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.