Donostiako 46. Jazzaldia. Kritika

Bi emakume (txiki eta bikain)

2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Cyndi Lauper: 'Memphis Blues Tour' / Mavis Staples: 'Pop & Blues Tour'

Lekua: Trinitate plaza.

Eguna: Uztailak 25.

Cyndi Lauper abeslari eta musikagile bikaina dugu. Malgua da Brooklyngo emakume txiki horren ahotsa eta estiloa. Ederki moldatzen da blues sustraidun batekin zein ospea eman dion pop musikarekin. Erabat saiatu zen ikuslea bereganatzen, zenbait alditan jaitsi zen taula gainetik eta, batera eta bestera, han zebilen... ea ondo geunden galdezka… Denok behar gintuen berarekin, guztiok… eta bistarekin ongi iristen ez bazen Trinitateko ertzen batera, han agertzen zen Cyndi izeneko plaza-emakume txikia eta, era atsegin eta bihurrian, gure konplizitatea lortzen zuen.

Euria goitik behera, berdin zen. Sekulako kontzertua eta sekulako musikariak: blues zaporea eman zion ahosoinu jotzaileak, Charles Musselwhite jaunak; harmonika etengabe jo zuen, baita duo ederrak egin ere Cyndirekin berarekin. William Wittman du aspaldiko kide baxuarekin eta ahotsak egiten. Kirk Fletcher bikain aritu zen gitarrarekin. Kontzertua estiloz ere malgua izan zen, oraintxe poperoagoa, oraintxe blues eder bat, eta azkenean, nola ez, bere kanta ezagunenak: Time After Time, Girls Just Want To Have Fun eta True Colors. Denok gustura.

Ahotsaren indarra

Mavis Staples izan zen gaueko bigarren emakume abeslaria. Hasteko, Wonderful Savior gospel abesti bikaina azaldu zigun, eta Chicagoko andereak talde osoa a cappella jarri zuen abesten. Sustraiak aurretik, eta, lehenik eta behin, ahotsa; gospelaren lehen ikasgaia, alegia. Musika beltzarekin hazitako emakumea dugu Mavis, eta soul, gospel, blues, R&B, eta rock and rollaren txanda iritsia zela laster azaldu zigun. 60ko hamarkada aipatu zuen behin eta berriz Mavis andereak, eta ez bakarrik nostalgiaren eraginez, baizik eta aldarrikapenaren ikuspuntutik, garai hartako mugimenduen indarraren, mundua aldatzeko grina sutsu haren falta sumatzen baitu. Free Highway eta I'll Take You There izan ziren horren lekuko.

71 urteko emakumeak sasoian dagoela ederki erakutsi zuen, ahots lodi, hautsi eta energikoa erabiliz. Indarra, kemena eta zirrara, dena koktel dantzagarri bat osatuz. Eta gu, ikusleok, eskuei eragiten, gerriak mugituz eta aldizka koruak eginez, nonbait, lotsa beste nonbaitera joan da, badakizue: musikaren dohainak.

Ezin dut amaitu Rick Holmstrom gitarra jotzailea aipatu gabe, R&B-eko solo ikaragarri bezain klasikoak eskaini baitzizkigun behin eta berriro, zein baino zein zoragarriago.

Ongi, oso ongi, Jazzaldiaren azken gaua, bakarrik falta izan da atertzea segundo batean (segundo batean bederen!!!).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.