Kritika. Musika

Bikote baten eskaintza

Jon Eskisabel.
2011ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Jabier Muguruza

Lekua: Donostiako Imanol Larzabal kultur etxea.

Eguna: azaroaren 4a.

Jendea: 150 lagun.

Hamaikagarren diskoa kaleratu berri du Jabier Muguruzak. Erraza da esaten, zailagoa egiten. 17 urte joan dira Boza barruanbakarkako lehen diskoa argitaratu zuenetik, eta urte haue- tan guztietan kantagintzaren estetika eta diskurtso poetiko oso zehatz bati eutsi dio abes- lariak, aldaketa handirik ga- be, baina aurrera egiteko bere buruari erronkak jartzen eta arriskuak hartzen asmatudu lan bakoitzean. Eta mailan gorabeherarik izan gabe, gainera.

Azkenak Bikote bat du izenburu, Mikel Azpiroz pianistaren (Elkano Browning Cream) laguntza bakarrarekin grabatu duelako. Eta bikote formatuan aurkezten hasi da zuzenekoetan ere, «sarerik gabe», pianoa eta ahotsa ia osagai bakarrak direla —tarteka akordeoia gehitzen zaie—.

Hasiberriak ez izanagatik, Donostiakoa lehen kontzertua zuten —atzo Banyoles-en (Herrialde Katalanak) jotzekoak ziren— eta horrek beti sortzen du urduritasun puntu bat. Azpirozi ez zitzaion antzeman, serio, fin eta seguru aritu zen, eta Muguruzak aldiz, hizketara eta umorera jo zuen (tentsioa deskargatzeko agian?), hala kantuak aurkezterakoan nola hitzak abesterakoan egindako akats txiki pare bat aitortzerakoan.

Lan berriarekin oso gustura dagoela esan zuen behin baino gehiagotan, eta nabari zitzaion. Diskoa osorik jo zuen, isiltasunak eta geldiuneek toki handia hartzen duten kantuetatik (Arima lapurra, Gauez iristea, Euria ari du edota Cansancio nabarmendu litezke) arinagoetara (Extralurtarrak, Paradisurako jaioak gara), eta apenas izan zen kantu zaharretarako lekurik (Mazisi Okeita Denbelek, lehen disko hartakoa, Benito edo Benino, a cappella abesturiko Tan petita, eta amaierako Eskaintza). Azken kantu horretako hitzak ekarriz, Jabier Muguruzaren kontzertu batera doanak «beti izango du isiltasun piskat bilduko duen gelatxo bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.