Artea. Kritika

Bildumaren bilduma

Erakusketak argazkigintzaren hastapenak dokumentatzen ditu, baina gaur egungo lanari ere espazioa eskaintzen dio. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Artea

'Phocus. Bilduma baten argazkia'

Lekua: Kubo aretoa, Donostia.Noiz arte: Maiatzaren 13ra arte.

Otsailaren 17tik Kutxa-Kubo aretoan ikusgai dira Kutxaren kultura-ondareko parte den Fototekako 300 irudi baino gehiago. Bilduma hori 1973. urtean sortu zen, Udal Aurrezki Kutxak Pascual Marin eta Fotocar funtsak erosi ondoren. Ordutik, gehiago eskuratu ditu, gaur egun miloi bat elementuk baino gehiagok osatzen duten bilduma eraiki arte. Beraz, erakusketan ikus dezakeguna bilduma horren barruan errepresentagarria den zati txiki bat da.

Erakusketa hamar bloketan zatituta aurkezten zaigu: Kamera Iluna, Lehen prozesuak, Argazki Antropologikoa, Erretratua, Paisaia, Arkitektura, Biluzia, Natura hila, Argazki-kontakizuna eta Fotomekanika. XIX. mendetik gaur egunera arteko 160 argazkigileren lanak nahasten dira, besteak beste, Auguste Lumiere, Roberte Diosneu, Joan Fontcuberta, Chema Madoz, Robert Capa, Itziar Okariz, Aitor Ortiz, Nadar, Pascual Marin eta Ricardo Martin. Argazki erakusketaren amaieran Kutxa Fototeka bildumaren historia kontatzen duen bideo bat ikus dezakegu, urteetan eransten joan diren funtsen irudiekin batera.

Kutxaren kultura-ondareko webgunean sartuz gero, Fototeka sailean 500.000 argazkik baino gehiagok osaturiko artxibo digitala daukagu eskura. Baina, noski, Internetek eskaintzen duen espazioa infinitua izan daiteke, eta bilduma fisikoki jende aurrera eramateak erronka handia suposatzen du. Zaila izango da hautatzaile batentzat hain zabala den bilduma bat ordezka dezakeen aukeraketa bat aurkeztea. Izozmendiaren modura, ikusgai dagoenak bloke osoaren irudia izan behar du.

Kutxa-Kubo aretoa espazio egokia da erakusketak antolatzeko; ez da ez handiegia, ez txikiegia. Kasu honetan, berriz, bildumaren proportzioa dela eta, erakutsitako lanen hautaketak erradikala behar zuen. Behin jende aurrekoa antolatzeko pausoa emanda, ahalik eta lan gehien zintzilikatu nahi izatea zilegi da, ikusleak aurrez aurre eduki ditzan eta ez ordenagailuaren pantaila bitarteko delarik. Pertsonalki, zail egiten zait bilduma zabalak ikustea eta bilduma amaigabeak erakusten dituzten erakusketetan ibiltzea, askotan luzeegiak eta monotonoak izaten baitira, behin eta berriro gauza berak errepikatuz. Ez da erakusketa honen kasua, hautaketa eta sailkapen egitura egokiak dira, ikusteko erraza eta entretenigarria delarik.

Bildumaren ezaugarriek eta hautatutako lanek asko laguntzen dute. Denboran barrena alde batetik bestera saltoka egotearen sentsazioa dauka ikusleak. Horrela, bat-batean, duela urte batzuk hiru dimentsioak ikusteko erabiltzen genituen kolore urdin eta gorriko kartoizko betaurrekoak XX. mende hasierako argazkiekin nahasten dira; Sorolla, Unamuno eta Kirk Douglasen erretratuetatik Itziar Okarizen Variation sur le même t'aine-ra salto egingo dugu, Nicolas Lekuonaren Villafranca-tik Txuspo Poyoren Casa Arbol-era eta August Lumiereren autokromoetatik Chema Madozen irudi jokoetara pasako gara. Denboran ez ezik, lanerako prozesuetan ere sentsazio berbera antzematen da; adibide garbiak ikus ditzakegu erakusketa banatzen duten gai ezberdinetan. Paisaia sailean, adibidez, XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako Niagarako ur-jauziak, Miarritze eta Mont Blanc dokumentatzen dira, Dario Urzairen Topograma koloretsua eta David Elgea urretxuarraren maketarekin batera aurkezten direlarik. Biluzien sailean, berriz, XIX. mende amaierako biluzi anonimoak Rafael Navarroren konposizio minimalista eta Pedro Usabiagaren collageekin nahasten dira.

Halabeharrez, gai multzoen gainetik badago erakusketa osoa murgiltzen duen oinarri historiko bat. Gizakiaren historiaren inguruko erakusketa da hau, gizakiaren asmakizun baten lentetik. Asmakizun horrek milioika historia berri sortu, dokumentatu eta aurkeztu ditu. Kasu honetan, Donibaneko balea arrantzaleak, XIX. mendeko erretratugileak, artista garaikideak, 36ko gerrako errefuxiatuak, zinema izarrak, biluzietako modeloak, 90eko hamarkadako fabrika hutsak eta manifestaldiak nahasten dira, argazkiaren bi aldetara. Eta horixe nabari du ikusleak, ez bakarrik argazkiak erakusten duena, baita horren atzean dagoen begirada ere. Sarrerako eskuorriak dioen bezala, edozein erakunderen betebeharra da «iraganaren aztarnak antolatzea, historia kolektiboa sistematizatzea eta orainaldiarenoinarrian dauden eta gizartearen etorkizuna zirriborratzen duten gertaerak dokumentatzea...», eta, nolabait, pasatako garaiekin batera gaur egungo krisia eta datorkigun hamarkada datozkit burura. Gaur egun egunkari eta komunikabideetako irudietan ikusten ditugun egoera, ekintza eta pertsonaiak garai bateko dokumentu bilakatuko dira, teknologiei esker bizi dugun eferbeszentzia dela-eta dagoeneko historia bilakatu ez badira behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.