'The Tree of Life'
Zuzendaria eta gidoigilea: Terrence Malick. Aktoreak: Brad Pitt, Sean Penn, Jessica Chastain. Herrialdea: AEB. Iraupena: 140 minutu.
The New World (2005) ikusi nuen une beretik Malicken jarraitzaile sutsu bilakatu nintzen. Jainkoa bailitzan agertu zitzaidan basamortuan nenbilela eta fedea berreskuratu ahal izan nuen. Zinismoa eta beste ismo guztiak gainditu ahal izan nituen. Iluntasunean argia egin zen; ondoren begiak ireki eta errealitatea aldatua zela nabaritu nuen bat-batean. Une hartantxe biziak zentzua bereganatu zuen. Baina egunerokotasunean bizitzak miraria izateari uzten dionean iluntasunean erortzen zara milagarren aldiz eta barru-barruan sentitu duzun indar hori desagertu egiten da. Itzalen artean bizitzera kondenatuta zaude eta haurtzarora itzuli nahi duzu nola edo hala, baina ezinezkoa zaizu. Bere deiaren zain egon naiz geroztik.
Mirariaren zain nengoen bitartean Cannesen Urrezko Palmorria erdietsi zuen eta kritika onak eta sariak jasotzen jarraitu zuen. Irrika areagotu zen denbora pasa ahala. Tamalez ez da errebelaziorik gertatu. Pelikula boteretsua eta ikusgarria den arren, lehendabiziko agerraldia gainditzea ez du lortu. Alabaina, txundigarria eta liluragarria da, eta irudi eta soinuek beste mundu batera eramaten zaituzte. Aurreko lana baino esperimentalagoa da eta momentu batzuetan unibertsoaren taupadak entzun ditzakezu. Klima aldaketaren edo unibertsoaren sorreraren inguruko dokumentala dirudi une horietan, baina Malickek osotasunean sinesten du. Bizitza aldaketa da eta mina eta sufrimendua zoriontasunarekin nahasten dira. Zuhaitzak, hostoak, olatuak… Brad Pitt bezain garrantzitsuak dira filmean. Bizitzaren mirariaz gozatzeko gai ez denari aspergarria, hutsala eta luzea irudituko zaio agian. Ikus-entzuleak ez du narrazio konbentzionalik topatuko, Malicken zinema ez baitago edozein supermerkatutan salgai. Harribitxi distiratsua da, eta distirak itsutu beharrean egia errebelatzen du. Xamanaren eskuari heldu diezaiokezu nahi izanez gero.
Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi Perlak
Biziaren miraria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu