Egilea: Karlos Linazasoro.
Argitaletxea: Pamiela.
Inspirazioak jotakoan soilik idazten duen poetaren irudia birrindu duenik baldin bada gurean, Karlos Linazasoro da. Etengabe idazten duen idazlea dugu, urtero argitaratzen du libururen bat edo beste, eta apenas utzi duen generorik landu gabe. Ezer gehiago behar gabe poema liburua da argitaratu duen azken lana (hamar poema liburutik gora ditu argitaratuak) eta Gipuzkoako Aldundiak antolaturiko lehenengo Xabier Lete Saria irabazi du aurten.
Poemategi ederra eta ona da, Linazasororen poetikaren ezaugarri nagusiak biltzen dituena. Poema laburrak dira, bertsokera librea eta erritmo zaindua dutenak. Esan behar da estilo aldetik, bere narrazioetan ez bezala, ez dela bereziki apurtzailea; poetika modernista da Linazasororena, oinarri dituena sinboloen bidezko iradokizuna eta natura behatzetik sortzen den ebokazioa.
Poetak sortzen dituen sinboloak irekiak dira, eta ez dute zentzu hertsia, polisemikoa baizik: irakurleak interpretatzen eta sentitzen dituen metaforak dira giltzarri. Horrela, poesiak zehazki ezarritako zentzu bat baino, sentsazioak transmititzen ditu. Gainera, sinbolismoa kasu honetan urrunago doa; izan ere, surrealismoa osagai funtsezkoa da poema liburuan. Poetak sentimenduei askatasuna eman nahi die irudi surrealista eta irrazionalen bidez.
Bestalde, denbora gelditu egiten da poematan, eta, estatikotasun horretan, gai askoren inguruko ebokazioa nagusitzen da: denbora, haurtzaroa, iragana eta etorkizuna, bakardadea, heriotza edota memoria. Maitasuna ere gai nabarietako bat da; aipagarria da alde horretatik bigarren atala, 2005etik 2009ra idatzitako poemak biltzen dituena. Horietan maitearekin identifikatzen dugun zu zehazgabe bat agertzen da, Cesare Paveseren azken poematakoaren estilokoa eta Linazasororen lehenagoko zenbait liburutan ere nabaria zena. Atal honetan aurkitu ditut nik liburuko poema ederrenetakoak.
Sariketako epaimahaiak poemategiak gai eta tonu aldetik duen batasunaz hitz egin zuen. Hain zuzen, tonu poetikoari eusteak osotasuna ematen dio liburuari baina, hala ere, badira desberdintasunak. Lehen atalak, bereziki (Hil zirenak begietan), forma aldetik desberdintasun aipagarriak ditu: fragmentazioa, elipsi handiak eta narratibitaterik eza nagusitzen dira. Gainera oso atal surrealista da eta Etxe hutsean poema liburuan (2009) oinarrizkoa zen amaren heriotzaren gaia ere agertzen da.
Eragin desberdin asko ditu Linazasororen poesiak, eta tartean azpimarratzekoa da aurreko liburuetan ez bezala nabarmentzen den Xabier Leterena. Linazasorok berak aitortu zuenez, Letek eta berak ezaugarri komunak dituzte melankolia eta ironia. Hala, sariketaren egunean huraxe gogoratu nahi izan zuen. Oiartzuarrak Zuk badiozu poeman idatzi zuenez, «nik ez dut ezer, hori da gauza (...) / bizitza baten azken hondarrak / eta zuloak patrikan». Linazasorok ere ikuskera melankoliko eta aldi berean autoironiko berbera erakusten du. Denbora aleak (2005) liburuko poema batean zera idatzi zuen: «Gero eta guttiago behar dut bizitzeko».
Esan dezakegu oraingoan mugara iritsi dela sentipena; melankoliaz beterik ageri zaigu ni poetikoa, baina, era berean, ezer gehiago behar gabe bizitzeko aldarria egiten digu. Hona hemen poetak saria jasotzerakoan esan zituen hitzak: «Nik ere, zuek bezala, galderak besterik ez dauzkat, eta azkenean ulertu dut bizitzak aurrena dena ematen dizula, eta gero, apurka-apurka, kendu egiten dizkizula eman zizkizun gauzak, eta horrekin ikasi behar dugula bizitzen, horrekin bizi behar dugula, ezer gehiago behar gabe. Akaso, ez dagoelako besterik ezer, edo akaso beste zerbait badago ere, ez delako guretzat».
Literatura. 'EZER GEHIAGO BEHAR GABE'
Bizinahia eta melankolia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu