Artea. Kritika

Bolumenaren edertasunaz

Mikel Onandia Garate.
2012ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Fernando Botero

Lekua: Bilboko Arte Eder museoa. Noiz arte: 2012ko urtarrilaren 13a arte.

Azken urteotako Sorolla. Espainiaren ikuspegia eta Antonio Lopez erakusketen ildo berean koka genezake Bilboko Arte Eder museoko denboraldiko erakusketa izarra: izen handiko artista, normalean museora sekula hurbiltzen ez den publikoak gustuko duen arte modu atsegina eta komunikabideen hedadura izugarria. Egiaz, meritua du Fernando Botero (Medellin, 1932) Bilbora —eta ez Guggenheimera— ekartzea. Horrez gainera, dena arrosa kolorekoa ez bada ere, pintore kolonbiarraren erakusketak badu zeresanik.

Tematikoki antolatuta, erakusketa antologikoak artistaren hainbat garai —batez ere, azken urteotako lanak— hartzen ditu: guztira 79 margolan, txikiak, ertainak eta handiak, eta Bilboko Kale Nagusian kokatu duten zaldi monumentala, guztien artean interesekoena, agertzen duen bolumenaren trataeragatik. Hori baita, duda barik, Boteroren kezka nagusia, alegia, neurriz gaineko dimentsioen bidez errealitatearen handitasuna eta sentsualitatea adieraztea eta gorestea. Bolumenaren beraren edertasuna da funtsa, etengabe, eta ez du errepikapenarengatiko kezkarik, halakorik egotz diezaiokegun arren. Gehiegizko tamainako objektuek eta pertsonek, aurpegiera hieratikoekin gehienetan, eta aberastasun kromatiko nabarmenak, eszena sinpatikoak egiten ditu usu, xaxariak zenbaitetan, indartsuak noizbait, inozoak bestetan.

50-60ko hamarkadetan Europan eta Ameriken bidaiatuz modu autodidaktan jardun zuen Boterok, quattrocento italiarra, arte koloniala eta Kolonbiako sorkuntza popularraren, muralismoaren zein espresionismo abstraktuaren eraginpean. Bere gai nagusietako bat Latinoamerika du: ez du errealitatea bere baitan islatzen, bere ume eta gazte garaiko oroitzapenak baizik, tradizio estetiko europar eta amerikarra uztartuz. Hainbat klase sozialetako pertsonaiak eguneroko eszenetan kokatzen ditu, oro har gizarte matriarkal bat islatzen dutenak. Pertsonaia gehientsuenek, giro alaian izan arren, begitarte tristea dute, introspekzioa iradokitzeraino. Dantzariek eta festek, Kolonbiak pairatutako biolentziak zein emakume biluziek — aurrehistoriako edertasun kanonaren gomuta— erakusketako serie handiena osatzen dute, baina ez dira biribilenak, eta naif kutsua darie batzuei, bai teknikoki, baita tematikoki.

Badira beste motibo aipagarriak, hala nola katolizismoari eta, batez ere, haren institituzio eta hierarkia boteretsuari eskainitako pinturak —Kristo gurutziltzatua, Andra Mariak, abadeak—, erlijioaren manifestazio plastikoaren kolore eta ikonografia bizia baliatzen dutenak, karga ironiko batez. Zirkuari eskainitako lanei, pailazo zein trapezistei egotzi ohi zaien kolore eta bizi alaitasunagatik pintorearen lan egiteko moduagatik egokiak izan arren, indarra falta zaie. Artearen historiako maisu eta maisulanei egindako omenaldietan ere denetik dago. Arnolfini senar-emazteen bertsioak ez du konbentzitzen, ia karikaturan jausteagatik; bai, ostera, Piero della Francescaren Montelfeltroko dukeen buruhandiek, jatorrizko lanaren gaineko berrazterketa formal —bolumetrikoa, funtsean— berritzailea ditugulako.

Abu Grahibeko sarraskiari eskaini zion 80 piezako serie izugarritik, esplizituki salaketa gisa egin eta Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitateari laga ziona, triptiko bat ekarri dute. Hemen, Boterok ohiko kutsu jostalaria galtzen du; bere pinturan, oro har, ez dago dramatismorik —ezta gai tragikoak tratatzean ere, adibidez, erakusketako presidenteen eta gerra ministroen irudi odoltsuetan—, bolumenak eta loditasunak karga hori kentzen baitie, baina kasu honetan, teknikoki oso ondo gauzatutako pintura lanean, tragedia ongi islatzea lortzen du.

80ko hamarkadatik Boterok gehientsuen landu duen motibo bat zezenketena da. Gaiak ahalbidetzen dizkion posibilitate artistikoak modu erakargarrian jorratzen ditu, kurioski, zezenketak goretsi nahi dituenean, nahiz eta haren alderdi ilunenak agertu, Pikatzailearen zaldia (1992) edo Ramon Torresen heriotza (1986) mihiseetan. Aitzitik, ez ditugu artistak tauromakiaren artistikotasunaz dituen usteak inondik konpartitzen.

Natura hiletan maila bikaina lortzen du hainbatetan. Europar tradizio piktorikoa eta kultura latinoamerikarra konbinatuz, kromatismo eta bolumetria aberatseko eszenak lortzen ditu, argi handiko Laranjak (2008) lanean, kasu. Horren haritik ulertu behar dugu Madaria (1976), handia bezain sinplea eta estetikoki esanguratsua, gaztetako lana bada ere. Izan ere, erakusketako zaharrenak ditugu baita interesekoenak: horien artean, Modelo baten estudioa (1972) pastel erdi ezkutatua, jada Boteroren esentzia agertzen duena, eta Neskatila zaldiz (1964) eta Vallecasko mutikoa (1959), gazte-gaztetako pintura solte eta espresiboak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.