Kritika. Zinema

Calabriatik Milanera

Agus Perez.
2011ko urriaren 13a
00:00
Entzun
'La sonrisa etrusca'

Konpainia: Pentacion.Lekua: Bilboko Arriaga antzokia.Eguna: Urriak 11.

Calabriatik Milanora lekualdatu da Bruno zaharra, edo —ganoraz esatearren— lekualdatu egin dute, semea kezkatuta baitabil aitak duen minbiziarekin. Milango bizimodua, ordea, itogarria egingo zaio gaztetan artzain eta gerra garaian partisano ibilitako agureari, eta bizirik irauteko bi euskarri aurkituko ditu: herriko kazikea eta faxista zaharra bera baino lehenago hiltzea eta iloba jaio berriari berak bizi izandakoa transmititzea.

Horraino Jose Luis Sampedrok idatzitako liburu zoragarriaren laburpena. Madrilgo Pentacion ekoizpen etxeak, aldiz, bere betiko kartak jokatu ditu, eleberri ezaguna eta itzal handiko aktore pare bat hartuta, baina komertzialtasunaren parametrorik errazenak baliatuta eszenaratzeari begira.

Alde horretatik, eskandaluzkoa izan da eremu eszenikoaren miseria estetikoa, eta zaila da ulertzea nola lortu daitekeen hain elementu gutxirekin hainbeste oztopatzea narrazioaren garapena eta benetako antzerkiak eman behar duen iradokitze maila. Gainera, aipatzekoa da argiztapen diseinuak supermerkatu bateko maila berbera erakutsi duela, argi zuriak piztu eta amatatzera mugatu delako. Etxeko sukaldean ere halako efektuak lortu ahal ditut etengailuari emanda!

Izan ere, dekoratuaren zurruntasunak eta irudimen faltak izugarri mugatu dute muntaiaren kalitatea eta, horrela izanik, hobe zatekeen dekoraturik ez egotea eta azken emaitza testuaren kalitatean eta antzezleen interpretazioen esku uztea. Buruargi bati, ordea, irudi proiektatuak erabiltzea otu zaio, eta gure begi aztoratuen aurrean filmaziorik pobreenak igaro dira, egoera bakoitza ondo baino hobeto azaltzeko, inolaz ere galdu ez gintezen, badaezpada.

Antzezpenak, berriz, hiru kalitatetan banatu dira. Protagonista batzuk —Brunoren semea eta bere emaztea— telebistako mailarik eskasenean geratu dira, baina bigarren mailakoek txukun bete dituzte beren rolak. Hector Alterioren doinu argentinarrak, ordea, kontraste absurdua sortu du Calabriako baten rolean eta, azkenean, Julieta Serranorekin izandako eszenetan heldu gara jatorrizko eleberriaren benetako sakontasunera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.