'El hombre de al lado'
Zuzendariak: Mariano Cohn, Gaston Duprat. Aktoreak: Rafael Spregelburd, Daniel Araoz, Eugenia Alonso, Enrique Gagliesi, Ines Budassi, Lorenza Acuña. Herrialdea: Argentina. Urtea: 2009. Iraupena: 101 min.
Orain dela hamabi bat urte gertatu omen zen. Caldereriako pisu txiki baina xarmangarri horretan bizi zen gaztea patxada ederrean zen ohe gainean, irakurtzen-edo. Aldameneko etxean obretan ari ziren; burrunba ia etengabekoa zen, etxeko lasaitasun gozoa izorratuz. Halako batean, horma aldean zarata handiago bat entzun, eta handik hogei segundora bazen zuloa egina. Beste ataria zuen ondoko etxeko egongela zein lanean ari ziren langileak bertatik bertara ikusten ahal ziren. Istripu bat, nonbait, «halakoak gertatzen dira, berehala konponduko dugu». Afera konplikatuagoa izan zen, baina hori jada beste istorio bat da...
Antzeko egoera biziko du Leonardo pasta-betaurrekodunak. Bere paretan ez, baina Le Corbusierrek diseinatu zuen etxe dotorearen aurrean, parez pare, leiho bat irekitzea bururatuko zaio Victor zakartxoari. Bizilagunak sobera duen eguzkiaren zati bat behar du, argi izpi bat besterik ez. Horrek Leonardok eraiki duen mundu eder eta diseinuzko hondatuko luke guztiz, eta ezin halakorik ametitu.
Facebook eta kolore guztietako sakelakoen garaiotan, intimitatearen gaiari bazter batetik heldu dio Cohn eta Duprat bikoteak. Komedia giroan ezkutatuta, film argentinar askok ohi duten zorroztasunez ekarri dute gaia.
Inoiz baino leiho gehiago ireki ditugu kanpora, baina paradoxikoki gehien erakusten duten horiek beraiek —hor dira, besteak beste, Leonardo egiten ari den webgune pertsonala edota turista guztien kameretan dagoen etxea bera—, inoiz baino gehiago erabiltzen dute intimitatearen kontzeptu maiztua, inoiz baino horma gehiago eraikitzen dira. Erakutsi bai, baina soilik interesatzen zaidan aurpegia.
Horrekin batera, gizarte garaikidearen gaineko beste hainbat interpretazio interesgarri egiteko aukera eskaintzen du El hombre de al lado-k. Eta hainbat tipologia modu zehatzean marrazteko baliatu dute zuzendariek pelikula, itxura batean anekdota hutsa den istorio baten bitartez. Ruben Bladesen plastikozko hirian bizi den biztanlea izango balitz bezala, irudiarekin tematuta dagoen Leonardoren bitartez gaur egun moderno izatea zer den modu ezin sarkastikoagoan aurkezten du pelikulak.
Filmak zaila du hasiera indartsuari maila berean eustea, eta garapenean zenbait gorabehera izan baditu. Hala ere, bi pertsonaien arteko norgehiagoka dialektikoak eta horri lotuta aktoreek egiten dituzten interpretazio bikainek balio erantsia ematen diote horman egin den zulo baten istorioari.
Kritika. Zinema
'Celosamente' gordea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu