BBC Orkestra Sinfonikoa
Zuzendaria: Jiri Belohlavek. Pianista: Leif Ove Andsnes. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: urriak 14.
Ingalaterrako Proms jaialdiko orkestra esanguratsu eta famatua genuen entzungai Kursaal auditoriumean, eta musikazaleontzat ikusmina erabatekoa zen. BBC Orkestra Sinfonikoaren presentziak, halere, ez zituen eserleku guztiak bete, gazteriak bere esku dituen prezio hain baxuak aztertuta datu harrigarria, baina krisialdia bazter guztietan zabaldu den pozoi kutsagarria dela argi asko nabarmen daiteke.
Beethoven eta Dvorak, bi musikari ezagun, eguneroko jaki izan daitezkeenak. Beraz, irakurleoi egin nahiko nizueke galdera erraz bat: zenbat orkestrakide behar dira zinezko Beethoven jator bat interpretatzeko? 40 bat? 60, 80 musikari? Belohlavek zuzendari txekiarrak orkestra osoa bidaiarazi du kontzertu bira honetan, eta guztiak atera ditu Beethoven lantzeko. Erabakia astakeria galanta izan da, zortzi biolontxelo eta bost kontrabaxurekin pianista distiratsu eta argi baten trebezia eta egitekoa bertan behera lurrintzen baita, Beethoven kementsu eta indartsu bat lortzeko laguntza izan beharrean dezibel masa ikaragarri baten eragozpen bihurtuz.
Egmont oberturan arazo larriak izan zituzten haize eta hariaren arteko bateratasuna zentzu bakarrean gauzatzeko garaian eta Pianorako 3. Kontzertua-n desoreka geroz eta larriagoa izan zen. Allegro con brio deritzon pasartean ez brio ez arimarik, orkestra pisutsuegia zelako. Berrogei musikariren lana arinagoa eta freskoagoa izango litzateke, baina hirurogeitik gorako musikari talde bat korapilatsuagoa da abiaduran jator astintzeko. Andsnes piano jotzaile norvegiarra, aldiz, bikain aritu zen, Beethovenen trino, eskala eta arpegio pasarteak dotore moldatuz, nahiz eta orkestrarekin artikulazio eta dinamika alorrean aspergarri eta motel aritu, ordu gutxiko lana antzemanez bien arteko oreka eta esaldikapenen eratzean. Amaierako Dvoraken 6.Sinfonia-n zuzendari txekiarra askoz erosoago sentitu zen, bere jatorriko musika guztiz menderatzen duela frogatuz eta orkestra ingeles honen hari talde beroari etekin berezia ateraz.
Kritika. Musika
Dezibelak, saltoka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu