'Blancanieves'
Zuzendaria: Pablo Berger. Aktoreak: Maribel Verdu, Macarena Garcia, David Gimenez Cacho, Sofia Oria, Angela Molina.
Herrialdea: Espainia eta Frantzia.
Iraupena: 98 minutu.
(Eguneko helburua: kritika hau amaitzea iaz Oscar sari mordoa eraman zituen pelikula frantziarra deustarako aipatu gabe, egitasmo guztiz autonomoak direlako eta, soil-soilik, denboraren gurpilak eta zoriak bide paraleloan elkartu dituztelako).
Originaltasuna eta ausardia, horiexek dira zuzendari bilbotarraren proiektu berriaren ezaugarri nagusietako bi. Nonbait, Edurnezuri urtea izendatu dute honako hau, hilabeteotan ailegatu den Grimm anaien ipuinaren hirugarren gaurkotzea baita hau. Pablo Bergerren apustuak ez du besteekin zerikusirik, oinarria hartu eta bere kasara egokitu nahi izan baitu jatorrizkoa.
Eta emaitza ikusgarria da. Edurnezuri 20ko hamarkadako Andaluziara eraman, eta han topiko errepikakorrenei beldurrik gabe heldu: zezenak, pasodobleak eta flamenkoa. Inozentziaren inguruko istorioa da Blancanieves hau, hainbatetan opera mutu baten traza hartuko duena.
Kontatutakoaren gordintasuna arintzeko, umore kolpe neurtuek zipriztinduko dute filma, bereziki bigarren partean. Drama eta komikotasuna uztartzeaz gain, generoen arteko gurutzaketa interesgarria da pelikula. Manolete, Dickens eta Von Stroheim
Zuri-beltzeko fotografia lehorrarekin eta pertsonaien mututasunarekin lortuko duen ikusgarritasunak ezin du ezkutatu pelikulak dituen gorabeherak: hasieran atentzioa emanen duen muntaketa azkenerako errepikakor samar gertatuko da, eta istorioaren garapenak zenbait motelaldi izanen ditu.
Nolanahi ere, Bergerren apustu estetiko-estilistikoa ez da Blancanieves-ek duen alderdirik interesgarriena. Jatorrizko istorioaren gainean zuzendariak egin dituen transgresioak eta bariazioak dira pelikulari balio berezia ematen dioten elementuak.
Gaizki-ongi, ikusleak ezagutzen du istorioa, eta, abiapuntu horretatik, filmak jolasa planteatuko dio: ipotxen kopurua, fama eta ez edertasuna bilatzen duen amaordea, Edurnezuri esnarazteko ikuskizuna… Bertsio edo moldaketa hutsez harago, originalaren eta kopiaren arteko ispilu joko trebe eta garaikidea egin du Bergerrek. «Blancanieves deituko diogu, ipuinean bezala».
(Betea).
Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala
Edurnezuri zezenzalea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu