'Faltsua, benetan'
Lekua: Arabako Probintzia-Artxibo Historikoa. Gasteiz. Noiz arte: apirilaren 15a arte .
Zein puntutaraino faltsifikatu daiteke historia? Ba al du balio artistikorik artelan faltsu batek? Etikoki zilegi al da umeentzako jostailu faltsuak erostea? Eta markako arropa faltsua —edo originala—? Halako galderak jartzen ditu mahai gainean Arabako Probintzia-Artxibo Historikoak antolatu duen erakusketak. Orotara, 200 pieza inguru aurkezten dira, izan margolanak, diru txanpon eta billeteak, buru hezurrak, nortasun agiriak, historia liburuak zein antigoaleko objektuak. Tesiduna baino, kutsu didaktikoko mostra dugu, historian faltsifikazioek izan duten garrantzia azpimarratu, faltsutzaileen nortasuna eta horien arrazoiak kontuan hartu, eta gizartean faltsifikazio istorioek sortzen duten interes orokorra aztertzen duena.
Faltsifikazioek balio bat dute, berez, eta ezkutatzen dituzten besteko gauzak argitzen dituzte. Badira mostran artelan faltsuen adibideak —batzuk egiaz ez oso onak—, besteak beste, XI-XII. mendeetako taula kataluniarra, Van Eycken Arnolfini senar-emazteak, zein Gauguinen olio bat. Faltsu arkeologikoak ere ez dira falta, terrakotazko gerlari txinatar bat edota El Corro eta El Rosao murtziarrek iragan mende hasierako indusketen inguruan sortutako pieza faltsuen adibideak, hainbat fantasiatsuak, baina munduko museo ezagunenetaraino heldu eta oraindik batzuk erakusgai omen daudenak.
Bestalde, zientziaren alorrean izan diren faltsutzeen artean Piltdowneko buru hezurraren —ustez Ingalaterran aurkitutako kate-maila galdua— erreplika, Eliza katolikoak faltsutzat hartutako erlikiak, eta zati ezberdinak gehitu zaizkien antzinako piezak ere badira. Arrazoi politikoengatik egin diren faltsutzeen artean, nabarmentzekoak ditugu Alderdi Komunista espainiarraren militantea zen Domingo Malagonek gauzatutako dokumentazio faltsuak —Santiago Carrilloren zein Dolores Ibarruriren pasaporte eta nortasun agiriak, kasu— zeinak ez zituen sekula poliziak harrapatu. Baina, negozioa egiteko grina hutsari dagokionez, ez dira falta, noski, dirua faltsutzen dutenen teknika ugariak eta XIX. mendean faltsutzen zen loteria.
Adibide hurbilekoenen artean, Arabako odol garbiko familien leinua justifikatzeko dokumentuak ditugu, beste hainbat agiri historikoen artean. Horiexek dira, artxibo batean egonik ulertzekoa dena, pieza ugari eta interesgarrienetakoak. Ez da falta Zubialdeko leizeko auzia, 90eko hamarkadan nazioarteko komunitate zientifikoan oihartzuna izan zuen labar-pintura faltsutze sonatua. Ostera, Iruña-Veleiako afera eskandalagarriari buruz txintik ez, ez dakigu antolatzaileek oraindino auzia guztiz argitzea itxaroten dutelako edo erakusketan barne hartzeak lotsa lar ematen dielako.
Garai zaharretako zein gaurko faltsifikazioak aurki ditzakegu, egun ere presentzia nabarmena baitute. Horren haritik, marka multinazionalen produktuen faltsutzeak zein sasizientziak eta konspirazio teoriak —bere baitan erakusketa bereizia beharko luketenak— ere aipatzen dira. Aldi berean, faltsua denaren gaineko sentsazionalismoa agertzeko prentsa notizien bilduma izugarria bildu dute.
Egiaz, ez dugu zinez erakusketa artistikoa, baina baditu inplikazioak artegintzan, bai faltsifikazioek eskulan trebezia berezia eta azalpen sinesgarria behar dutelako eta bai praktika horrek historian zehar artearen munduan presentzia nabarmena izan duelako ere; baita gaur egun ere. Gure instituzioek hausnarketa bat egin beharko lukete beraien funtsen gainean, seguru asko artelan faltsuren bat baitute bildumetan, eta, alde horretatik, faltsifikazioen, atribuzio akastunen zein ebatzi gabeko enigmen kasuei modu argi eta zintzo batean egin beharko liekete aurre, orain gutxi Londresko National Galleryk egin zuen legez. Gainera, faltsifikazio tradizionalen gaurkotasunaz gain —New Yorkeko galeria batek Pollocken koadro faltsu ugari saldu ditu azken urteetan— joan den mendean, erreprodukzio teknologien garapenari eta kontzeptualismoaren nagusitasunari esker; eta artearen barruan objektualizazioaren eta originalaren aurkako jarrera nabarmendu bada ere, merkatuak jakin izan du bere horretan irauten, eta objektuak edo ideiak —hor daude artisten egile eskubideak— produktu zarratu lez salerosten dira, kasu batzuetan absurdoraino heltzeraino.
Modu batekoak edo bestekoak izan, mostrako pieza batzuk gezurraren harribitxiak ditugu, eta horien egileak engainuaren artistak. Egiazkotasunaren ilusioarekiko txunditzea, faltsutzaileen izaera eta harrotasunaren arrazoiak, eta inguruan ditugun iruzur ugarien aurrean izan behar dugun jarrera kritikoa dira mostra txiki honen gakoak. Eta nahiko modu argian, gehiegi barne hartu gura barik, iluna den mundu baten gainean argi apur bat ematea lortzen du.
Artea. Kritika
Egiazki faltsuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu