'The Love Songs of Tiedan'
Zuzendaria: Hao Jie. Herrialdea: Txina. Iraupena: 91 minutu.
Hao Jie txinatarrak Single Man estreinatu zuen duela bi urte Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean, eta aurtengo honetan, The Love Songs of Tiedan dakarkigu. Bere estiloari leial jarraituz, Txina iparraldean bizi diren Shanxi probintziako nekazarien erretratu umoretsu eta atsegina eskaini nahi izan du. Bizitzak sufrimendua dakar ezinbestean. Horregatik, publikoari itxaropena helaraztea interesatzen zaio. Ez du besteen sufrimendua drama bat egiteko baliatu nahi. Horren ordez, ikusleen bihotzak alaitu gura ditu; edonori eguna alai diezaioke, ezbairik gabe. Tonua ez da batere tragikoa, nahiz eta herritarrei triste egoteko arrazoirik falta ez zaien. Pertsonaia guztiak maitagarriak dira, xelebre hutsak. Lotsagabeak eta ero samarrak dira, eta, hortaz, barre-algarek ez dute etenik; Tiedan haur bihurria ageri den lehen eszenatik erraz antzeman daiteke egilearentzat umoreak duen garrantzia. Bertako herritarrak basati hutsak dira, eta oraindik ez dituzte guztiz barneratu indibidualismoa, intimitatea eta halako balioak. Horrexegatik, eszena dibertigarriez gozatzeko parada ematen du. Hao Jieren zineman herritarrek naturaltasun osoz jokatzen dute, diren bezalakoak agertzen zaizkigu. Alabaina, gehiegikeriak ere ez dira faltako. Bestalde, kultura iraultzak eragindako kalteez ere mintzo zaigu, eta, horretarako, Er-ren tai abesteko forma tradizionalaren berri ematen digu. Herri xeheak bere izaera adierazteko erabiltzen zituen abestiak debekatuta zeuden. Bertsolaritzan bezala inprobisazioa tradizioaren parte dela egiazta dezakegu, gainera. Tiedanek bere sentimenduak adierazteko baliatzen du; abesterik ez balu, hil egingo litzateke.
Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Zuzendari Berriak
'Er-ren tai'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu