Antonio Lopez
Lekua: Bilboko Arte Eder museoa. Noiz arte: 2012ko urtarrilaren 22ra arte.
Etxeko eszena intimoak, giza figurak, fruitu-zuhaitzak eta paisaia urbanoak dira, funtsean, Antonio Lopez (Tomelloso, Ciudad Real, 1936) artista espainiarraren gaiak, eta horiek tratatzeko modu berezia agertzen du, asteotan ikusteko aukera dugun bezala. Eskultorea, marrazkilaria eta pintore bikaina, heldutasun artistikoan dago Lopez, eta sekulako arrakasta lortu du, bai publikoaren artean eta bai merkatuaren barruan.
Erakusketak eskulturak —egurrezko, brontzezko edo igeltsuzkoak—, margolanak eta marrazkiak biltzen ditu, orotara 130 artelan inguru. Lopezen errepertorio ikonografikoa ez da bereziki zabala, gai jakin batzuk landu baititu ia 60 urtetan luzatzen den ibilbidean zehar, baina bakoitza modu intimo eta afektiboan, maisutasun eta birtuosismo tekniko nabarmenarekin. Alde horretatik, artista tradizionala dugu, betiko diziplinak, betiko teknikak eta betiko gaiak lantzen baititu, baina bere lana hurbilekoa zaigu, lengoaia garaikidea garatu baitu.
Objektu, paisaia eta izakien errepresentazio errealista da Lopezena, baina ez da hiperrealista bat, askotan esan den moduan, figurazio objektibo pertsonala da berea. Haren lanak zuzenean ikusi behar dira, mihise gainean pintura nola tratatzen duen behatu, izan ere, lanen azaleretan hainbat gorabehera identifikatu daitezke. Inskripzioak, ezabaketak, orbanak aurkituko ditugu, ezaugarri piktorikoen aberastasun sekulakoaren baitan, erreprodukzioetan ikusten ez diren eta benetan pinturari bizia ematen diotenak.
Ez ditu sekula lanak amaitutzat ematen, eta bukatuz gero, ikusleak gehiago garatu daitekeela sumatzen du, prozesu geldoa baita berea. Zirriborro barik, zuzenean hasten da pintatzen, baina lanek eboluzio formal bat izaten dute, askotan urteetan luza daitekeena, eta sarritan elementuak eta konposizioak behin eta berriz eraldatzen ditu, piezen euskarri eta formatu originalei azalera berriak gehitzeraino, bai pintura bai eskulturetan. Lopezen lan prozesu konplexuaren eredu argiak, bakoitza bere modura, La cena (1971-1980) eta Terraza de Lucio (1962-1990) ditugu.
Horien esentzia lortu nahian, artistaren inguruko objektuen gaineko begirada arretatsua da, errealitatearen eta horren irudikapenaren gainean sakon hausnartzen baitu, eta den bezala agertu beharrean, Lopezek interpretatu egiten du berau. Egungo mundu azkarrean faltan sumatzen den patxada eta lasaitasuna identifikatzen dugu haren lanetan, eta lanak gauzatzeko denbora luzea behar izan duen bezalaxe, haren lan askok begirada pausatua behar dute. Gutxi batzuetan maisulanek izan ohi duten eta hitzez ezin esplikatu daitekeen kutsu hori agertzen zaigu.
Enpaste lodi eta lehorraz gauzatutako izaera metafisiko eta fantastikodun gazte garaiko pintura, bere senideen —aitaita-amamak, gurasoak, Maria Moreno pintore eta emaztea, alabak, ilobak— erretratu, eta giza anatomiaren errepresentazio ezberdin —agian mostrako lan apalenak, arima gabekoak— eta fruitu eta zuhaitzen errepresentazio birtuosoen artean, Madrilgo paisaia urbanoak dira lan monumental eta ikusgarrienak. Lopez maisua dugu argiaren erabileran, eta hiriaren bista hutsak, auto eta jende gabekoak, garaiz kanpokoak dira. Pena da, Bilbora ez baita etorri Gran Vía (1974-1981) lan bikaina, baina badira beste lan azpimarragarri batzuk, horien artean El norte de Madrid desde La Maciliosa (1962-1964) edo Madrid desde Torres Blancas (1974-1982), eta Madrid desde la torre de bomberos de Vallecas (1990-2006) izugarria. Espainiako hiriburuko Kale Nagusiko serie berria, agian oraindik sortze prozesuan dagoelako, ez zaigu hain indartsu agertzen.
Aitzitik, Lopezen artearen eta mostraren beraren interes artistikoaz haraindi, berau fenomeno sozial bat bihurtu da bere baitan. Bisitari kopuru andana, ilara luzeak, pinturen aurrean pilaketak ematen dira museoan, orain hiru urte Sorolla. Espainiaren ikuspegia mostrarekin gertatu bezalatsu, eta datorren urtean ospatuko den Boteroren erakusketarekin gerta daitekeen lez.
Publiko orokorraren gustuko izan ohi den artista mota dugu Lopez, eta bestetik, honi museoak antolatu duen marketin muntaia izugarria gehitzen badiogu, sortu den euforia ez da hain harritzekoa. Baina badira azken urteetan parkeko museoan halako sonarik jaso ez duten eta hau besteko edota hobeak izan diren erakusketak —British Pop, Kasimir Malevitx, Poussin eta natura, kasu—, beste museoetatik ekartzen dituzten punta-puntako obra gonbidatuak eta inork gutxik bisitatzen duen bilduma iraunkorra ez aipatzearren. Horregatik, bere neurrian hartu behar dugu erakusketa, zoratu barik eta dagokion balioa emanez, museoaren arrakasta zifra kopuruetara murrizteko arriskua saihestuz.
Kritika. Artea
Errealitatearen artista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu