'Sefer Hechaloth',Anselm Kiefer
Non: Bilboko Arte Eder museoa. Noiz arte: 2012ko urtarrilaren 8ra arte.
Txalotzekoa da Bilboko Arte Eder museoaren Obra gonbidatua programa, 2001etik hona munduko beste bildumetatik hainbat garai eta diziplinatako lehen mailako 40 lanekin —Zurbaran, Monet, Magritte, Freud, kasu— gozatzeko parada eman baitigu. Oraingoan, artista garaikide esanguratsuenetako baten margolan interesekoa dugu ikusgai, Anselm Kiefer artistarena (Donaueschingen, Alemania, 1945).
Kiefer gure artean ezaguna da, Guggenheim museoak 2007. urtean antolatutako erakusketa antologiko ikusgarriari esker, eta neoespresionismoaren adierazle nabarmenetakoa dugu. Gazte garaian alemaniar kulturaren eta historiaren erlazioen gaineko azterketa egin zuen, faxismoaren goranzko bidean izan zuten eragina ikertuz. Azken urteotan gai unibertsalagoak tratatzen ditu, gizakiak kosmosean duen lekuaz itaunduz. Zientzia, literatura eta filosofia dira haren lanaren abiapuntu eta helmuga, eta bere pinturetan, mitologiak, erlijioak, literatur eta filosofia tradizioek zein historia garaikideak elkarren artean dituzten loturak aztertzen ditu.
Normalean eskala kolosaleko eta teknika mistoko lanak izaten dira Kieferrenak. Material ugari konbinatzen ditu, eta tonu grisaxkak eta opakuak darabiltza beti. Kasu honetan, Malagako Arte Garaikideko Zentrotik datorren Sefer Hechaloth (Zazpi jauregi) pintura lana (2002) monumentala da oso, Kieferren produkzioaren adibide aparta. Tamainaz handia da —380 x 280 x 30 zentimetro—, baina agian haren ezaugarri nagusia erabiltzen dituen materialen trataera eta horien adierazkortasuna dira. Olioarekin, emultsioarekin eta pintura akrilikoarekin bat, metala, papera eta lastoa erabili ditu pintoreak, besteak beste. Zinez testura joriko lana dugu, Material geruza ugari baitarabiltza, eta akabera zakarra da, materikoa oso, eta aldi berean, delikatua.
Batetik, lehen itxura batean, kasik monokromoa dirudi Kieferren margolanak, baina darabiltzan material eta baliabide ugariez gain, ongi begiratuta, aberastasun kromatiko nabarmeneko lan baten aurrean gaude. Tonu gorrak, ilunak darabiltza oro har, eta garratzak dira lortzen dituen efektuak, baina aberatsak zinez, ñabarduraz beteak —gris eta okreak nagusi izan arren, noizean behin urdinak eta gorrixkak identifikatzen ditugu—, eta guztiekin bat, osotasun asaldagarria lortzen du. Gainera, gorpuzkera eskultorikoko pintura dugu, mihisetik modu nabarmenean irteten diren liburuak sostengatzen dituzten apalengatik, batez ere.
Bestetik, hori guztia kontuan izanda, lanera lehen aldiz hurbiltzen dena ezkutuko sinbolismoak gordetzen dituela konturatuko da. Margolanaren muinean mistizismo juduaren tradizioa dago; hain justu, hebrear literatura espirituala eta, bereziki, Kabala; alde horretatik, tradizio juduko fededunek Azken Judizioa heldu bitarteko bidearen gaineko interpretazio plastiko gisa uler dezakegu artista alemaniarraren obra.
Kieferrek hamaika pausoko eskailera sigi-sagatsua irudikatu du, koska bakoitzean kiskalitako liburu bat kokatuz, inskripzio eta zenbaki artean. Bide horrek judaismoaren baitako espiritualtasuna adierazten du; hain zuzen, liburu sakratuen bitartez lortzen den igoera espiritualaren maila gorenerako bidea. Oinarrian kulturaren balorazio judua eta horretan liburuak —ezagutzaren transmisioaren sinbolo— duen sakralizazioa dago. Erlijioa ulertzeko modu pertsonala da pintoreak agertzen diguna, baina ez hori bakarrik, beste interpretazio batzuk ere posible baitira, hala nola aldi berean juduek historian zehar eta konkretuki nazismoarekin jasandako jazarpena ere badu mintzagai.
Margolariaren ustez, Kabalak —eta, oro har, erlijioak— zientziak auziei eman ezin ez dizkien erantzunak eman diezazkieke. Zalantzazkoa izan badaiteke ere, guk gogoeta honi ez zientziak ez erlijioak ematen ez dituzten erantzunak esperientzia artistikoak ematen dizkiola gehituko diogu.
Sefer Hechaloth pinturaren aurrean kokatzen den pertsonak, izan fededuna ala ez, eskailera luze eta ilun horren aurrean badu zer gogoeta egin. Bidea malkartsua dugu, aldapatsua, pauso ezberdinekoa, eta haren erreferente esplizituenak alde batera utzita, gizakiaren superazio prozesua adierazten du, guztiok, modu batera ala bestera, bizi dugun esperientzia.
Kieferrena ez da pintura bereziki estetikoki erakargarria, baina badu edertasunik bere baitan. Erakarmen eta ezinegon sentimenduak eragiten ditu aldi berean, indar handiko lana baita, eta artelan gehientsuenek bezala, honek bereziki asko irabazten du zuzenean ikusita. Egiaz, lan bakar batek ez du artista bat bere baitan erakusten, baina erakusketa handietan zaila denak, hots, artelan jakin batean soilik arreta jartzeak, hura patxadaz aztertzeko aukera ematen du, eta lanak zer esanik badu —eta Kieferren pintura honek badu halakorik—, ariketa aberasgarria dugu oso.
Artea. Kritika. Artea
Espiritualtasun materikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu