Londresko Orkestra Filarmonikoa
Zuzendaria: Vladimir Jurowski. Biolin jotzailea: Joshua Bell. Egitaraua: Johannes Brahmsen 'Biolinerako Kontzertua' eta Piotr Ilitx Txaikovskiren 'Manfred Sinfonia'. Lekua: Donostiako Kursaal auditorioa. Eguna: otsailak 28.
Ez zuten sortu espero nuen ikusmina. Ez zen kontzertu ikaragarria izan. Ez zen musika une distiragarririk piztu. Ez zituzten sentiberatasun bereziz ukitu ene bihotzeko taupadak. Ez zen Londresko Orkestra Filarmonikoaren izen handian oinarritutako lan seriorik egin kontzertua aldez aurretik prestatzeko garaian. Joshua Bell ez zen biolin jotzaile top gisa definitu, garrantzi handiko artista gisa bai, baina ez zuen eskaini sekulako musikari izar batek jorratuko lukeen egundoko interpretazioa. Ez zen nabaritu orkestra ingelesaren malgutasuna, nahiz eta une oro, bertikalki, akordez akorde, bikain aritu. Ez zen antzeman zurezko haize sendi xuxurlari bat, ez Brahmsen Adagio pasartearen aurkezpenean, ez Txaikovskiren hasierako Lento lugubrean, soinu gogorregia hedatzen aritu baitziren emanaldi osoan.
Zuzendari errusiarrak ez zuen guztiz orekatu orkestraren pisua, ez abiadura ez intentsitate esparruetan, Bell biolin jotzailearekin solasean ari zela. Ez zen hankasartzerik sumatu Bellen egitekoan, dotore, boteretsu eta teknikoki garbitasun aipagarriz entzun baitziren Brahmsen atal deabrutsu eta madarikatuak. Ez zen ulermen berezirik nabarmendu Jurowski eta Bellen artean, Brahmsen azken Allegro giocoso-aren sarreran desoreka larriak entzunez, lehen mailako orkestra batentzat onartezin diren ezaugarriak aurreikusiz. Ez ziren makal aritu haize metalak, bikaintasunean kokatzeko moduko tronpa boskotea goraipatuz, urte guztian entzuten ditugun tronpekin alderatuta kemen eta indar dotorez aritu ziren eta. Ez zen entzun Txaikovski desordenatu bat; Jurowskik isiltasun eta melodien arteko loturak fidagarritasun itzelez errespetatu zituen, nahiz eta hainbesteko ikusmina sortu zuen orkestra ingelesaren balorazioa ezkorregia izan: «ez, ez eta ez» gehiegi, desirazko «bai, bai eta bai» guztien aurrean.
Kritika. Musika
Ez, ez eta ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu