Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi Perlak

Ezohiko thrillerra

Beñat Eizagirre Indo.
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
'Jodaeiye Nader az Simin'

Zuzendaria: Asghar Farhadi. Aktoreak: Leila Hatami, Peyman Moadi, Shahab Hosseini. Herrialdea: Iran.Iraupena: 123 minutu.

Berlinalen irabazle nagusia izan zen, Urrezko Hartza eta gizonezko zein emakumezko aktore onenaren sariak eskuraturik. Merezimendu osoz lortutako sariak dira. Mendebaldean zinema irandarra oso miretsia da, eta jaialdirik ospetsuenetan ikus daitezke herrialde hartan burutzen diren produkziorik ausartenak. Iranen zinema egitea ez baita erraza; zinemagileek heriotza eta espetxea zain izaten dituzte. Mohsen Makhmalbaf eta Jafar Panahi bezalako zuzendari ezagunak kartzelan sartu zituzten gobernuari atsegin ez zitzaizkion pelikulak egiteagatik.

Farhadik Urrezko Hartza eskaini zionPanahiri —sei urteko kartzela zigorra ezarri diote—. Filma benetan ederra da. Hasiera batean sinplea eta umila dela dirudi eta aspergarria izan daitekeela pentsa dezake baten batek, baina ezustekoz betetako lana da. Thriller onenetan bezala sekulako larritasuna senti dezake ikusleak eta intriga amaierara arte mantentzea lortzen du. Ezerezetik thriller bat sortzen du, eta horrelakorik ez da egunero ikusten. Ez da poliziarik edo mafiosorik ikusten, protagonistak pertsona arruntak baitira. Gainera, odolik eta bortxarik ez du behar publikoa liluratzeko, ez du su artifizialik behar, talentua soberan baitu. Tentsioa arnastu daiteke une oro eta bukaerara arte erruduna eta iruzurtia zein den ez dago jakiterik.

Hil ala biziko gaiei buruz dihardu. Egileak abortoaren inguruko hausnarketa txundigarria aurkezten du ausardia handiz. Shariaren zentzugabekeria salatzen du, herritarrek egunerokotasunean dituzten arazoei aurre egiteko traba suposatzen baitu. Bestalde, emakumeek bizi duten egoera kezkagarria eta euren aurkako indarkeria ere iradokitzen da behin baino gehiagotan; batetik, thrillerra Razieh izeneko emakumeak senarrari dion beldurragatik hasiko da, eta bestetik, Siminek bere alaba herrialdetik atera nahi du atzerrian etorkizun hobea izango duelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.