Kritika. Musika. Gasteizko Jazzaldia

Ezusteko goxoak

Joe Lovano serio aritu zen kontzertuan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2012ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Gasteizko Jazzaldia

Taldeak: Stefano Bollani & Joe Lovano eta Dave Douglasen Sound Prints. Lekua: Mendizorrotza. Eguna: uztailaren 17a.

Nire uste apalean, Jazzaldi honek duen ezaugarri nagusia ezustekoa da. Saiatuko naiz neure burua adierazten jarraian doana zuk imajina dezazun: zeure urratsak Mendizorrotza aldera jarri dituzu berriro iluntze aldera; orain bai, animo handirik gabe. Stefano Bollani ez duzu askorik ezagutzen, eta ezagutzen duzun apurrak ez zaizkizu erakargarriak egiten. Beste aldetik, Joe Lovanori ez diozu mirespen berezirik, are gutxiago haren taldeko burukideari, Dave Douglas zuri intelektualoide horri. Hala ere, zintzo eseri zara zure lekuan, eta hara non ezustekoa aurpegiratu zaizun gupidagabeki, bat-batean, gogor eta indartsu: Sound Prints taldeko hirukote erritmikoa. Hori entzun eta ikusteagatik merezi izan du gauak (eta Jazzaldiak, agian).

Zorionez, aldez aurretik iragarritako James Genus kontrabaxu jotzailearen ordez, Linda Oh taularatu zen. Malaysiar jatorrikoa baina Australian hazitako neska da. Bertan musika klasikoan hezi zen, hori baita bere oinarria, eta egun Ameriketako Estatu Batuetan ari da ikasten eta lan egiten. Bi disko argitaratu ditu dagoeneko, Initial Here eta Entry, eta proiekzio izugarriko jotzailea dugu. Harekin Joey Baron bateria jotzailea —gehiegizkoa baina ezin eskuzabalagoa taldearen oinarri erritmikoa emateko orduan— eta Lawrence Fields piano jotzailea aritu ziren.

Lawrence Fields, 25 urteko piano jotzaile gaztea, St. Louisen jaioa da. Berklee musika eskolan ikasi du, eta egun etorkizuneko jazz musikari gazteen taldean parte hartzen ari da AEBetan. Gazte argal, altu eta baldar horrek erakutsi zigun musika erakargarria egiteko ez dela beharrezkoa taularen gainean pailazokeriak egitea, musika jotzeak, serio egiten denean, zalearen nahiak betetzen baititu.

Gaueko atal horretan, Joe Lovano saxo jotzailea tenorrekin zein sopranoarekin aritu zen, eta serio egon zen gehiegikerietan erori gabe. Dave Douglasi, berriz, haren musikakideei soberan igartzen zaizkien irudimena eta jariotasuna falta zaizkio, eta diskurtso aspergarri eta laua baino ez zitzaion igarri.

Sustantzia gabeko lehen zatia

Gaueko atal baliagarria itxaroteko, Stefano Bollani showman, abeslari, komiko eta, bai, batzuetan jazz piano jotzailea eskaini ziguten. Grazia eskaseko italiar horrek pianoa belaunikatuta jotzea posible dela erakutsi zuen, baita erritmoak toalla batekin egitea erraza dela ere. Horren guztiaren gain, Michael Jacksoni omenaldia egin zion Billie Jane-ren jazz bertsio bat joz. Baina ezer gehiago ez bere ordubeteko emanaldi horretan. A, bai: gure espainiar jatorria gogorarazi zigun ikusleen parte baten haserrerako. Nazio eztabaida hori Dave Douglasek saihestu zuen bigarren partean gure euskal jatorria aitortuz ikusleen parte baten zorionerako. Espainiarrak isilik geratu ziren orduko horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.