'Rise of the Planet of the Apes'
Zuzendaria: Ruper Wyatt. Aktoreak: James Franco, Andy Serkis, Freida Pinto. Herrialdea: AEB. Iraupena: 106 min.
Retro» bisorez jantzita etorri zaigu 2011ko uda hotza. Musikan zein modan aspaldian nabarmentzen zen joera bere egin du Hollywoodeko zinemak, eta 80ko hamarkadaren aldarrikapen bihurtu dira azken hilabeteak. Eta jakina denez, horretan Steven Spielberg da jaun eta jabe, bere obsesioak ikuskari bihurtu zituen zinemagile azkarra. Greg Mottolaren Paul izan da zerrendan lehena, eta aurki Super 8-rekin eginen du topo, bata zein bestea Spielbergengan oinarritzen dira.
Ezustean, bien artean lerratu zaigu Rupert Wyatten harribitxi hau, ekoizpen erraldoien marketin klonikoaren azpian ezkutatuta gelditzeko arriskua duen film fresko eta bikaina. Oinarria 1968ko Planet of the Apes klasikoan duen arren —Pierre Bouleren liburuetan oinarritzen dira biak—, baina arima guztiz laurogeiko urteetakoa du.
Garai batean gauzak zein erraz egiten ziren gogorarazi digu Rise of the Planet of the Apes-ek, frankiziaren edo remakea-ren morrontzapean erori gabe. Gremlins edo E.T.-ren beraren lorratzean, B sailaren berrikuspen garaikidea da pelikula, batere konplexurik ez duena sinple dena gozagarri egiteko. Amblinen kumea izanik eta erreferentziak zientzia fikzioaren iturri klasikoetatik hartuta, joko ezin interesgarriagoa proposatuko du Wyattek: jatorrizko pelikularekin gutxieneko lokarriak mantenduta —hor da, besteak beste, Marterako bidaiaren erreferentzia—, tximinoak protagonista dituen istorio berri bat asmatzea, guztiz librea.
Atzean eboluzioaren teoria darwindarra duela, filmak Schaffnerren pelikulak irekitako zirkulua lortuko du. Ez hori bakarrik, zeharka Kubricki begiratuko dio, eta tximinoek espazioraino egin zuten bidaiari buelta eman, eta tximinoen menpeko mundu batera ekarriko du berriro istorioa/historia.
Horrekin batera, generoak dituen ezaugarri nagusietako batzuk barneratuko ditu filmak. Batetik, esperantza handirik gabeko ikusmoldea. Aurki ordenagailuek hartzen ahal duten boterearen parabola iluna da Rise of the Planet of the Apes, eta pertsonaia nagusien jokabidea ez da beti moralki zuzena izanen.
Zientzia fikzio pelikula onenen moduan, egungo testuinguruaren azterketa egiteko balio du. Londres, Atenas, Kairo, Madril eta beste hainbat hiritako karrikak sutan dauden honetan, urteetan kaiolatutako tximinoek hasiko duten matxinadak ezinbesteko oihartzun soziopolitikoa du.
Kritika. Zinema
Ezusteko matxinada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu