Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Zuzendari Berriak

Ezustekoa

Beñat Eizagirre Indo.
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
'7 cajas'

Zuzendariak: Juan Carlos Maneglia eta Tana Schembori. Herrialdea: Paraguai. Iraupena: 100 minutu.

Juan Carlos Maneglia eta Tana Schemboriren 7 cajas Donostiako Zinema Eraikitzen atalean garaile suertatu zen iaz, eta, horrenbestez, proiektua bukatzeko aukera eman zieten. Paraguain sekulako arrakasta izaten ari da, eta Europa mailako estreinaldia hartuko du Zinemaldiak. Ez da harritzekoa sorterrian halako arrakasta edukitzea, tentsio eta umore handiko thriller interesgarria baita. Paraguaiko zineman ziur aski ez da honelako pelikularik egongo. Latinoamerikako zineman nagusi den joeratik aldentzen da, eta Hollywood du eredu. Hollywooden thriller-ak hanburgerren abiadan ekoizten dira, eta 7 cajas bezalako film batek ez luke harridurarik eragingo, baina argi dago Paraguai ez dela Los Angeles. Egileek istorio indartsu eta bortitza kontatzeko ausardia beren gain hartu dute, eta publikoaren erantzuna ikusita, helburua lortu dutela baiezta daiteke. Thriller generoa Paraguaiko testuinguruan txertatzea lortu dute; herritarren bizimodua ahalik eta fidelen islatzen saiatu dira, eta, horregatik, McGuffin gisa telefono bat agertzen zaigu. Sakelako telefono bat erosteko irrikak abiaraziko baitu indarkeriaz eta akzioz beteriko filma. Formari erreparatuz gero, argi dago zein izan den egileen asmoa, Latinoamerikako zinemaren tradiziotik ahalik eta gehien urruntzea. Hasierako plano azkarrek bizitasun handiko filma izango dela adierazten digute, eta, hortaz, geldotasuna, isiltasuna eta aspergarritasunaren aurkako aldarrikapena egiten dute. Xalotasunarekin, sinpletasunarekin eta era horretako balioekin ez dira identifikatuak sentitzen, kalitatezko genero zinemaren alde egin dute. Filmak gehiengoaren oniritzia lortuko duela ez dago zalantzarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.