Literatura. 'GEZURRA ODOLETAN'

Fikzioaren argitan

Iratxe Esnaola.
2012ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Idazlea: Asel Luzarraga.

Argitaletxea: Txalaparta.

Iritsi zaigu eskuetara Asel Luzarragaren (Bilbo, 1971) azken eleberria, Txileko Araucania erregioan, Temuco eta haren inguruetan kokatu duen narrazioa. Fikzioa da, bai, baina Txileko errealitatearen isla nabarmena ere bada. Hango gobernuek maputxeen afera eta diskurtso ofizialari aurre egiten diotenei eman trataera azaltzen du egileak; baina, batez ere, egoera horren barruan kokatu dituen pertsonaietan sakondu du, diskurtso propio sinesgarriz jantziz bakoitza. Ez da kronika bat, literaturaren bitartez lau bizitzatan barneratzeko saioa da. Hain zuzen, pertsonaien ahotsak txandan-txandan tartekatzeak ematen dio egitura narrazioari, lau perspektibatatik, lau ahots narratiboz. Protagonistak Jon euskalduna, Hugo maputxea, eta txiletar bi dira, Vero punka eta Omar Moya fiskala. Fiskalak, lur-jabe handien interesak babesteko eta maputxeen lurren okupazioa eta esplotazioa bermatzeko, estatuaren fiskaltza gorpuzten du. Txilen ohikoak diren azpijokoak ageri dira eleberriko tramaren osagarri: gezurrezko lekukoak erabiliz atxiloketak bermatu, satorren bidez egoera bortitzak xaxatu, iritzi publikoa bideratzeko prentsaren gezurren babesa izan (El Mercurio, La Tercera). Figura manikeotik ihesi, pertsonaia landua da Omar, arlo pribatuan —familia modelo eredugarrian— aurkezten zaiguna haren gogoeta, eta nagusiki, justifikazio saioekin.

Lau kapitulu edo atal ditu, eta bakoitza amets batek zabaltzen du, maputxeentzat ametsek ei duten garrantziari keinu eginez, apika. Hugo Curiman gaztea da bigarren protagonista, eta maputxeen mundu ikuskera —ezagutzen zaila— dakarkigu, naturak eta mitoek lekua duten kulturaren sostengu. Maputxe idealizatu bat aurkezteko arriskua ekiditen du egileak. Landatik aldendu den indigena bere borroka aurkitu nahian dabil hirian eta okupazioan, bi munduen arteko kontraesanak (maputxeena eta txiletarrena) kapitalismoaren aurka batu nahirik. Haren ondoan Vero unibertsitateko ikasle punka dago, anarkismotik hurbil eta aldizkako pentsamendu feministekin zipriztindua, akzioetan parte hartzen badu ere, sostengura eta sentimenduetara lotuago aurkezten dena. Lotua azken protagonistari, Jon Gorriti Landa euskaldunari. Atzean utzitako bizitza ezabatu, eta balio berrietara transformatzeko aukera iradokitzen du Jonek (indibidualismotik ekintza kolektibora iragan ahal izatea). Bide horretan, okupa etxeen eta anarkisten erreferentziak daude, baita gaztedi txiletarrenak ere. Kasu batzuetan, kultura txiletar eta maputxeko tradizio, ohitura edo hitz zenbait azalpenik gabe ematen da, eta nago herrialdea ezezagun duenak egoki uler dezan testuinguru falta izan dezakeela. Bestalde, Jon euskaldunak dakarren sekretua ez azaleratzeak tentsio narratiboa ondo gordetzen du amaiera arte, eta, bidenabar, Verorekin duen harremanean isildutakoek zer kalte ekar dezaketen erakutsi.

Asel Luzarraga 2009ko abenduan atxilotu zuten, zenbait lehergai fabrikatzea eta eztanda araztea egotzita, azpijoko baten biktima Txilen. Badu esperientzia hartatik guztitik eleberriak, baina uste dut merezi duela lorratz biografikoen atzetik abiatzea bainoago, fikzioaren argitan irakurtzea eleberria. Kultura talketan errepara arazten du, txiletarren zenbait ezaugarri komun egoki adierazten ditu eta orrialdeak abailan iragaten dira, ondo dosifikatutako erritmoz. Badira konstante bi eleberrian egilearen aldarri gisa ulertu ditudanak, pertsonaien gabezia pertsonalen gainetik altxatzen direnak: zapalkuntzen aurrean elkartasuna eta askatasun desirei fedea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.