Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi-Bereziak

Filosofiaren irakaspenak

Beñat Eizagirre Indo.
2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun
'Madrid, 1987'

Zuzendaria: David Trueba. Aktoreak: Jose Sacristan, Maria Valverde, Ramon Fontsere. Herrialdea: Espainia.Iraupena: 104 minutu.

David Trueba zuzendari madrildarraren azken pelikula Zabaltegi-Bereziak sailean ikusi ahal izan da, eta lan bikaina eta ederra dela aitortu behar da.

Ethan Hawke eta Julie Delpy tren batean elkar ezagutu zuten hartan gertatzen zen bezala, bi protagonista nahikoa dira ezerezetik film zoragarri eta kitzikagarri bat sortzeko. Gainera, oraindik eta interesgarriago egiteko, egile espainiarrak kazetari zahar baten eta unibertsitateko ikasle erakargarri baten arteko topaketa adostuko du. Bizitzan noizean behin gertatzen diren momentu magiko horietako bat eskaini nahi izan digu, eta topaketaren lekuko izatea ohore handia da.

Agurearen eta neskatxaren arteko solasaldia primerakoa da, eta hasieratik amaierara arte ikus-entzulearen arreta bereganatzen du. Maisu batek ez du beste ezeren beharrik. Jose Sacristan eta Maria Valverde aktoreak pantailaz jabetzen dira, eta ez da beste mundurik existitzen. Hitzak oso ongi neurtuta daude, eta ahoa irekitzen duten bakoitzean entzutea merezi duen zerbait esaten dute.

Bizitzaren zentzua

Filmak aurrera egin ahala, jakinminak bere horretan dirau, ez du asperdurak lokartzen, eta uneren batean bizitzaren zentzua argituko dizula dirudi. Elkarrizketak zorrotzak eta zoragarriak dira, eta umorea funtsezko osagaia da, jakina.

Itxura guztien arabera, agurea zinikoa eta harroputza da, eta gaztea, aldiz, idealista eta inozo samarra. Kazetari esperientziaduna erantzun guztien jabe da, eta bizitza den moduan onartu behar dela dio. Artea jatea eta lo egitea bezalakoxea dela pentsatzen du.

Sakontasuna azalean aurkitzen da. Bizitzaren handitasuna egunerokotasuneko ekintza eta une soiletan aurkitzen dela uste du Sacristanek jokatutako pertsonaiak, eta argi dauka idealismoak umetako txorakeriak besterik ez direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.