Lawrence Brownlee
Pianista: Giulio Zappa.
Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia.
Eguna: abuztuak 28.
Hiru Errege Magoei zuzenduriko gutuna, batez ere Baltasarrentzat: «Igande honetan Donostian eskaini dudan kantu errezitaldia aztertu ondoren, zenbait erabaki hartuko nituzke nire etorkizuneko abeslari ogibiderako. Lehenik eta behin, estilo eta egitura ugariz hornitutako egitarau korapilatsu honetatik Mozart eta Henri Duparc alde batera utzi behar ditut. Mozarten ariak ez kantatzeko arrazoia begien bistakoa da: nire ahots tenor arinari ez diot kutsu handirik ateratzen Salzburgoko maisuaren estiloan; hobe erromantizismo garaiko musikagile italiarretan arreta jartzea. Entzuleen erantzuna baloratu ostean, eskainitako Franz Liszten Petrarkaren 3 sonetoak asko gustatu zaizkie, nahiz eta errezitaldi osoan neurrigabeko txalo zaparrada jaso. Beste baterako, obra baten atal bakoitzeko etenalditxoan ez txalotzeko eskatuko diet, fidagarri ez diren txalo sortak eteteko.
»Nire ahots kolore argitsuari behar bezalako distira ateratzeko pianista aldaketa bat egin beharrean nago aurrerantzean. Giulio Zapparen lana ikusgarria da ikuslearentzat, kontzertu osoan etengabeko pailazokeriak egiten dihardu baina nire kantuari ez dio behar bezala eusten. Pianoaren estalkia jaitsi arren, bortitzegi jotzen ditu melodien lilura hotsak, dinamika kontuetan labainkada gehiegi leun interpretatu beharreko pasarteetan. Nire ahotsa potentzia arloan sekulakoa ez dela aitortzen dut, baina pianista italiar honekin esfortzu galantak eta irtenbide ziztrinak ebatzi behar ditut une oro. Esan bezala, beste baterako, pianista berri bat eskatuko nizueke.
»Fonetika arloan frantses hizkuntza nire ahulgune nabarmena da, ez dut amaierako e hizki bikoitza duin ahoskatzen; horregatik, Duparcen abestiak alde batera utziko ditut denboraldi batez. Halere, Giuseppe Verdi eta John Carterren musikan eroso sentitzen naiz, bizitasuna eta sentiberatasuna fidagarritasunez mantentzen ditudalakoan bainago. Gabonetarako eskatu dizuedan erregu sorta espero dut hainbesterako ez izatea; gutxienez, kontuan har ditzazuen eskertuko nizueke. Adeitasunez, Lawrence Brownlee».
Donostiako 72. Musika Hamabostaldia. Kritika
Gabonetako gutuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu