Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi-Bereziak

Galera

Beñat Eizagirre Indo.
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
'Nochi-no-hi / The Days After'

Zuzendaria: Hirukazu Kore-eda.Aktoreak: Ryo Kase, Yuri Nakamura, Takeru Shibuya. Herrialdea: Japonia.Iraupena: 51 minutu.

Hirokazu Kore-eda japoniarraren Kiseki filmak harrera beroa izan du, eta Urrezko Maskorra irabazteko aukera handiak dituela dirudi. Baina, aurtengo honetan, bat beharrean bi lan ekarri ditu Donostiara. Zabaltegi-Bereziak sailean Kaidan-Horror Classics telesailaren barnean sortutako lana estreinatu du.

Heriotza du ardatz, eta galeraren eta minaren inguruan hausnarketa xaloa plazaratu du bertan. Istorioa sinplea da, baina, egilearengandik espero daitekeen moduan, patxada eta dotorezia handiz filmatutako pelikula da; egilearen eskua nabari da. Baina, Tyrannosaur-ekin gertatu bezala, laburregia egiten da; konturatu orduko amaitzen da, zoritxarrez. Plano bakoitza zentzumenen gozamenerako bidea da, eta sekulako bakea eta lasaitasuna transmititzen du. Japoniarra eskulangile nekaezina da, eta egunerokotasuna mirari bilakatzeko gaitasun paregabea dauka.

Senar-emazteek urtebete besterik ez zuen mutikoa galdu dute, eta, orduz geroztik, haurraren hutsunea ikaragarri sumatzen dute. Asako izeneko alaba bat dute orain, baina haurraren heriotza zama pisutsuegia da. Zauria ixteko denbora da sendabide bakarra. Bat-batean, mutikoa fantasma bat bailitzan agertuko da, eta bere arreba txikia ezagutzeko aukera edukiko du. Mina jasanezina denean errealitatearen eta fantasiaren arteko muga desegin egiten da bizirauteko ahaleginetan, eta desirak haluzinazioak sor ditzake. Haurra behin eta berriz desagertu egiten da, baina hurrengo egunean etxera itzultzen da. Hilda dagoen arren ez zaio etxerako bidea ahaztu, eta gurasoei eta ezagutu berri duen arrebari bisita egiten die, familiak batuta jarrai dezan.

Fantasmei buruzko film ederrak egiten dituzte japoniarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.