Donostiako 72. Musika Hamabostaldia. Kritika

'Goenkale'-ko opera

Easo abesbatzako abeslariak oso solte aritu ziren Sevillako bizargina operan. LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Arkaitz Mendoza.
2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
'Sevillako bizargina'

Musika zuzendaria: Andres Orozco-Estrada. Eszena zuzendaria: Joan Anton Rechi. Abeslariak: Andrew Shore, Jose Manuel Zapata, Manuela Custer, Lorenzo Regazzo, Pietro Spagnoli, Marta Ubieta, Tomeu Bibiloni. Lekua: Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abuztuak 8.

Demagun ikus-entzunezko produktu berri bat kaleratu nahi dugula; horretarako, Sálvame Deluxe, La noria, El diario de Patricia, Goenkale eta Doña Barbara telenobela nahasketa berberean pilatzen ditugula eta, ondo eragin ostean, Gioachino Rossiniren musika eransten diogula; emaitza ezinbestekoa da: izugarrizko saltsa, kulebroi eta parranda ero bat. Kursaaleko entzuleriaren erantzuna bat-batekoa izan zen Joan Anton Rechiren lana baloratzeko garaian: txaloak oro har, baina txistu eta oihuren bat tarteka.

Kursaaleko auditoriumeko musika klasikoko kontzertu batean entzun diren lehen oihuak entzun genituen Musika Hamabostaldiaren estreinako egunean. Etorkizunari begira jendearen erreakzio hauek aldaketa ekar dezakete, hain kontserbadore eta usadiozko donostiarrei pentsaera irekiago baten bila abiatzeko ordua iritsi baitzaie.

Donostian ikusi dugun Sevillako bizargina-ri hornitu zaion 80ko hamarkadako egituran Rossiniren musika agerian egon zen, Euskadiko Orkestra fin eta bizi aritu baitzen Andres Orozco-Estradaren erritmo alaian ariak bikain kateatuz. Eszenan landu ziren zarata, mugimendu, algara eta erritmo eroek sekulako iskanbila eszenikoa ekarri arren, Rossini galduta geneukan une askotan. Operan betiko eztabaida izan den marmarra: eszena ala musika, zein garaile? Kasu honetan, argi eta garbi, musika guztiz desagertu zen eszenaren indarraren mesedetan.

Telebistako foiletoi barregarri honetan ahots bakarlarietan ezin neurtu sotiltasuna, esaldikapenen biribiltasuna ala melodien txundigarritasuna. Carlos Jesus, Lauren Postigo, Anne Igartiburu edota La Macarena-ren koreografia lantzen ari den opera batean zaila da ahotsen baloraketa zehatz bat irudikatzea baina Ecco ridente aria zalapartatsutik Una voce poco fa aria barrenkoira aldaketak nabaritu ziren. Easo abesbatzako gizonek ez diote Tom Jonesi bekaizkeriarik eduki behar, guztiz solte aritu baitziren Goenkale-tik lasai asko irten zitekeen opera ero honen barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.