Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi Bereziak

Gorputza uzteko moduaren bila

gorka erostarbe leunda
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
'George Harrison: Living in the Material World'

Zuzendaria: Martin Scorsese. Parte hartzaileak: George Harrison, Eric Clapton, Ringo Starr, Paul McCartney, Phil Spector,Yoko Ono, Olivia Harrison.

Eskua ondo hartua die musikaren inguruko dokumentalei Martin Scorsesek. The Last Waltz (1978), No Direction Home: Bob Dylan (2005) eta Shine a Light-en (2008) egileak artisau handien eskuz ehundu du The Beatles taldeko konpositore diskretuenaren bizitza modu gizatiar eta pertsonalean aletzen duen film dokumentala.

Lehengaia izatea gauza bat da, eta material hori modu koherente etahunkigarrian elkarlotua ematea bestea. Bideo irudi zaharrak, argazkiak eta dokumentalerako propio egindako elkarrizketak erabili ditu Scorsesekgizaseme inteligente eta musikari hunkibera baten profil aski erakargarria eskaintzeko. Musika munduaren kontaesanez ez ezik, gizarte garaikidearenez eta bereez propioez jakitun izan arren, bi munduren artean dantzan ibili zen George Harrison (1943-2001). Mundu material batean bizi zen eta profitatzen zituen mundu horren plazerrak ere, baina izpiritualtasuna eta gorputzaz haraindiko mundua zituen bihotz miran. Heriotzaren ordua iristean gorputza modu duinean uzteko nahia izan zuen borroka nagusia.

Hiru ordu eta erdi luze da filma, baina ez da luze egiten. The Beatlesen nahiz Harrison beraren musika agorrezinak erritmo egokia ematen diote filmari. Bi zatitan banatu du istorioa Scorsesek; The Beatlesen garaiari dagokiona hartzen du lehenak, eta bere bakarkakoari bigarrenak. Arinago doa aurrena, eta modu pausatu eta sakonagoan bigarrena. Formak eta edukiak bat egiten duten film urri horietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.