Kritika

Gozamen hutsa

Gontzal Agote.
2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Zinema

'Attack The Block'



Zuzendaria: Joe Cornish. Aktoreak: John Boyega, Jodie Whittaker, Alex Esmail, Franz Drameh, Leeon Jones, Simon Howard, Luke Treadaway. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 80 minutu.

Beharbada, adin kontua izanen da, akaso plazera sentitzeko hormonaren atrofia, baina gero eta zailago da garai bateko gozamena topatzea zinema areto baten iluntasunean. Jakina, testuinguruak ere ez du batere laguntzen, orduko esperientzia kolektibo partekatua gaur egun ekintza antisozial, demodé eta ia klandestino bihurtu da. Arrazoia edozein dela ere, oroimenaren artxiboan gelditu dira ongi pasatze krispetadun haiek.

Afera ez da pelikula onak ikustea ala ez; oraindik ere gutxi batzuk izan badira-eta; zinemak berezkoa duen alde ludikoarekin gozatzea da kontua. Eta marketinak kontrakoa sinetsarazi nahi digun arren, plazer hori gero eta bakanagoa da. Horrexegatik, oso poztekoa noizean behin Attack The Block eta gisako filmekin topo egitea.

Nostalgiaren tranpa saiheskaitzean erori gabe, Joe Cornishen lehenengo lan luzea ahaztutako sentipenak pizteko gonbit xume bezain eraginkorra da. B sailaren izpiritu zinezkoa oinarri hartuta, Attack The Block-ek ez du deus berririk asmatu nahi izan, baina egina dagoenaren gainean berrikuspen berritzaile eta jostagarria proposatuko dio ikusleari.

Halaber, filmak ez du ezkutatu nahi zein den bere inspirazio iturri nagusia: 80ko hamarkadako hasierako genero fantastikoaren gainean eraikia dago alienen hamaikarren lurreratzea. Nabarmen, Steven Spielbergek —zuzendari zein ekoizle lanetan— egin zituen film ahaztezin horietatik hartu du Cornishek, baina egin duen filma omenaldi sentitutik harago doa.

Horien gaineko aldaera soziala da Attack The Block-en sorpresa nagusia; ohituta gaude estralurtarrak auzune aberats samarretan ikusten. Kasu honetan, Londresko aldiri batean erortzearen zorigaitza izanen dute inbasoreek.

Abiapuntu horretatik trebezia handiz eta ausardia galantaz joko bikoitza eramanen du aurrera Cornishek: batetik, jatorrizkoen erreferentzia eta konbentzio ia guztiak errespetatuko ditu; bestetik, umore handiz landutako ikuspuntu soziala erantsiko dio istorioari. Horrekin guztiarekin, emaitza harrigarria lortuko du, Gremlins (Joe Dante, 1984), The Parasite Murders (David Cronenberg, 1975) eta Red Road-en (Andrea Arnold, 2006) arteko uztarketa pentsaezina.

Are gozagarriago gertatzen da Attack The Block ikustea udako filma izan omen den Super 8-ren ondotik. Konparazio maltzurrak argi uzten du maisua iraganean iltzatuta gelditu dela, eta haren jarraitzaile gehienek aurrera begiratzen segitzen dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.