Kritika. Musika. Donostiako 47. Jazzaldia

Gozo eta sentsual

2012ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Melody Gardot, eta Marc Ribot & Los Cubanos Postizos.

Lekua: Trinitate plaza. Eguna: uztailak 20.

The Absence bere azken lana aurkeztera etorri da Melody Gardot bere talde bikainarekin. Atmosfera arraroak, giro bereziak ekarri dizkigu. Hasiera-hasieratik nahi zigun bere lurraldera eraman, eta , taula gainera errenka sartu bada ere (makulu eta guzti) , oina astinduz markatu du erritmoa, eskuekin hazi-zintzarri txikiak eraginez erritmoa osatu du, eta, bakarlari gisa, a capella espiritual batekin hasi da. Dotore, fin, betaurreko ilun batzuen atzetik, eta ile horia erabat estaliz turban ilun batekin, hasi du bere kantua; hau da, bere sorginkeria. 27 urteko emakumea dugu, eta gaztea izanik ere, argi du zein duen bere bidea.

Kondairak dio 19 urte zituelarik istripu bat izan zuela. Bizikletan zihoalarik auto batek jo, eta , larri, oso larri utzi zuela, besteak beste, kolpeak kaskezurra hautsi omen zion, eta medikuak aholkatu zion kantak asmatzea, eta halaxe, ohean zegoela, zutik ibili ezinik, kantak asmatzeari ekin zion. Eta hortik aurrera ez dio hutsik egin bere medikuari, eta lau haizetara abesten jarraitzen du.

Melodyk jazzez zipriztindu du jendez gainezka zegoen Trinitate plaza zaharra. Ahots orekatua, gardena, leuna, sekulako sentsualitatea, eta, bolumen aldetik piano pianissimoan abestuz. Baita bere Scat modukoa egin duenean, erdi frantsesez erdi ingelesez, erdi hitz eginda, erdi abestua, ironia finaz, hegaldi berezi batera garamatzala antzezten.

Belaunak gurutzatzerakoan, soineko luze baten tartean azaltzen ditu bere izterrak, eta «beroa» behar duela esan die ikusleei. Melody zirikatzailea,agertzen zaigu, ahots gardenari badaki nola giro iluna eman, pasioa non piztu. Eta gu ikusleok, liluratuta.

Erritmo brasildarrak nagusi, Lisboa kanta ederrean esate baterako. Mitchell Long gitarra jotzailea bikain moldatzen da erritmo brasildar zein afrikarren artean, Stephan Braun txelo jotzaile alemaniarrak txunditu egin gaitu, jazzean hain ez ohikoa den tresna horrekin erakutsi duen malgutasun, eta edertasuna , benetan berezia... Oso ondo, era berean, Irwin Hall saxo eta klarinetearekin. Kontzertu fina, dotorea, sentsuala.

Kontzertu bikaina

Los Cubanos Postizos da Riboten proiektuen artean azkena. Musikari trebe honek sekulako indarrarekin hasi du bere emanaldia. Free aldetik datorkigu Marc Ribot jauna. Hainbat eta hainbat musika egile ezagunekin jardun du, bere abestiei halako gitarra garaikidearen ukitu berezia emanez. Artista horien artean daude Tom Waits, Elvis Costello, Caetano Velosso edo Jon Zorn, besteak beste. Bere doinuek askatasuna dute iturburu, baina saio honetan, askatasuna bera ere gerria askatzen joan da, eta, apurka free jazza, Kubako sonen ahaireak hartu ditu, eta Arsenio Rodriguez musikari kubatarra zenaren musika nagusitu da. Arsenioren erritmoak eta doinuak erabiliz , kubara eraman gaituzte Ribot eta bere musikari lagunek. Sasi kubatarrak omen dira. Berdin dio. Litekeena da kubatarrak ez izatea baina bere erritmoak oso Karibekoak dira eta erabilitako hitzak eta perkusio kolpeak latinoak dira oso, eta eragozpen gutxi erakusten dute eremu horretan murgiltzerakoan. Ikusleak ere hasi dira gerria mugitzen, eta, lastima onenean amaitu da kontzertu bero eta indartsu hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.