Kritika. Zinema

Gozoki pozoitua

Urte berri on, amona!, Telmo Esnal zuzendariaren filma. BERRIA.
Gontzal Agote.
2011ko urriaren 4a
00:00
Entzun
'Urte berri on, amona!'

Zuzendaria: Telmo Esnal. Aktoreak: Kontxu Odriozola, Pedro Otaegi, Nagore Aranburu, Joxean Bengoetxea, Montserrat Carulla.

Urte dezente eman ditugu euskal zinemagintza—euskaraz egiten den hori, alegia— komedia giroaz eta telebistako aje ugariz noiz askatuko esperoan. Pauso itxuraz txikia, baita gaietan zein estetikan ere eremu berriak eskuratzeko ezinbestekoa.

Sei urte joan dira Esnalek eta Altunak Aupa Etxebeste!-rekin gure filmografia urrian aro berri eta berritzailea ireki zutenetik. Film hori mugarria izan zen; hortik aurrera gauzak diferente egiteko eta ulertzeko bidea zabaldu zen, eta ordu arteko konplexu asko alboratzen lagundu zuen.

Urte hauetako balantzea gorabeheratsua izan da; harribitxi askorik ez da izan, eta dezepzio, berriz, zenbait. Hala ere, iparrorratzak argi segitu du norabidea markatzen. Eta fruitu helduak hasi dira ailegatzen. 80 egunean filmak (Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño, 2010) argi utzi zuen aldaketa garaia iritsia zela; ildo bertsutik dator Telmo Esnalen film berria.

Izan ere, pelikulak duen egiturak argi erakusten du historia hurbilean euskal zinemak berak izan duen garapena. Lehen zatian komedia tonua da nagusi; nolabaiteko kostunbrismoa agertuko da, etxebestetarren girotik oso urrun ez dagoena. Erdialdetik aurrera, baina, filmak bestelako norabidea hartuko du: umorea guztiz desagertu gabe ezkutatuko da, eta haren lekuan giro beltza, kontakizun gordina eta harremanen armiarma sare itsaskorra nagusituko dira.

Bigarren parte horretan bihurtzen da bereziki erakargarria Urte berri on, amona! Istorioarekin batera, paisaia bera ilunduko da, eta fotografiak ezin hobeki islatuko du aldaketa hori. Zinematografikoki heldutasun ukaezina agertzen du Esnalen filmak; enkoadreek, muntaketak eta erritmoak berezko hizkera zaindu baten erakusgarri dira. Coppolaren oihartzuna dakarren kanposantuko euskal tragediaren muntaketa paraleloa da horren adibide garbietako bat.

Horrez gain, casting-arekin asmatu izana da pelikularen beste bertute nagusietako bat. Artifizialtasun zantzu oro saihestuz, aktoreek primeran bete dituzte beren rolak; denen artean azpimarratzekoa da Joxean Bengoetxearen lan bikaina, baita Nagore Aranburuk ematen dion erreplika neurtua ere. Euskal zinemagintzaren barruan apustu ausart bezain beharrezkoa da Urte berri on, amona!, eta ikuslearentzako pozoiz beteriko gozoki bat da, barnean sorpresa ugari ezkutatzen dituen komedia-tranpa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.