Tindersticks
Noiz: Martxoaren 23an.
Non: Viktoria Eugenia antzokian, Donostian.
Talde gustagarria zen Tindersticks. Eta da. Eta izango da. Beti. Abesti borobilak ontzen dituztelako, aparteko musikariek osatzen dutelako taldea, Stuart Staplesek kantatzen duelako, eta lotsagorritzeko motibo bat bera ere ematen ez duten kontzertuak eskaintzen dituztelako. Baina, hain zuzen ere, haien zuzenekoek ez dituzte, agian, hunkitzeko arrazoi gehiegi ematen. Gertatu daitekeelako gustura egotea, horren ondorioz emozionatzeko nahia edukitzea, baina egoera horretara ezin iritsita gelditzea.
Beharbada izango da giroa barrurako baino kanporako zegoelako; edo Donostian toki berean eman zuten azken kontzertutik hiru urte besterik ez direlako pasa. Baina Tindersticksek, ia ordu eta erdiko kontzertua eskainiagatik, bi bis egin arren, sentsazioa daukat ez zuela lortu Viktoria Eugenian—ez zen bete— biludatakoak hunkitzea.
Erruz txalo eta oihu egin zitzaien, ordea, Staplesi eta hari lagundu zioten bost musikariei.Han agertu zen oholtzan ahots sakoneko abeslaria dotore jantzita, marroi koloreko praka eta txalekoarekin. «Thank you» xuxurlatu, eta hasi ziren jotzen. Hitzontzikeriarik gabe aritu ziren, eta hori, behintzat, eskertzekoa da. Osorik aletu zuten The Something Rain azken diskoa, baina lehen hiru abestietan atzera egin zuten. Blood eta Dick's slow song klasikoak jo zituzten, eta tartean If you are looking for a way out. Hirurak, 1993 eta 1999 arteko disko laudatuetakoak. Gero heldu zen Chocolate azken laneko errezitaldi luzea, eta Show me everything sentsualarekin hasi ziren musikariak apurka berotzen. This Fire of Autumn-ekin dantza estilosoari ekin zion Staplesek, musikari bikainek haien baitara bilduta bezala, kontzentratuta, agian emoziorik transmititu gabe jotzen zuten bitartean.
Hori bai, hasi eta buka pieza ederrak denak. Soinu propioa eta landua dutenak. Ñabardurak dotore zainduz, instrumentu laguntzaileak mimoz erabiliz. Soul ahaireak (ederra lehen biseko If she's torn, 1999ko Simple pleasure-koa), sehaska kantaren batekin edo doinu hipnotikoekin (Frozen) nahastuz. Eta despedidarako, Medicine eta Cherry Blossoms. Gustagarria dena, gozagarria, baina bildutakoak emozionatzeko punch-ik gabe.
Kritika. Musika
Gustatzea ez baita hunkitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu