Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi Perlak

Harremanak eta obsesioak

Beñat Eizagirre Indo.
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
'Shame'

Zuzendaria: Steve McQueen. Aktoreak: Michael Fassbender, Carey Mulligan, James Badge-Dale. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 99 minutu.

Hunger (2008) opera primari esker Cannesen Urrezko Kamera erdietsi zuen zuzendari ingelesak. Bigarren filmak Venezian sari garrantzitsuak lortzeaz gain, oso kritika onak jaso berri ditu. Protagonista nagusia, Brandon, modako aktore Michael Fassbenderrek interpretatzen du, eta, Tarantinoren Inglourious Basterds-en parte hartu ostean, zuzendari onenekin lanean ari da.

Labakiren pelikularekin gertatu bezala, hasieran hutsala eta interesik gabea iruditu zait, eta bazirudien McQueen adarra jotzen ari zitzaidala. Desilusioa da burura etorri zaidan lehenengo pentsamendua. Filmeko musikak atmosfera kezkagarria sortzen zuen zerbait ikaragarria gertatzeko zorian egongo balitz bezala, baina Brandonen ekintzak errepikatu besterik ez ziren egiten. Egilea Irlandako protesta zikina kontatzetik pornografiara igaro dela zirudien. Sentsazio horrek luzaroan iraun du nire baitan, baina azkenean nire akatsa zela ohartu naiz. Ez nintzen begien aurrean nuena ikusteko gauza.

Pertsonaiaren jokaera arraro horren atzean zegoen arrazoia deskubritzea nahikoa izan da filmak duen garrantzia eta meritua aitortzeko. Brandon New Yorken bizi da, baina, jendez inguraturik dagoen arren, bakar-bakarrik aurkitzen da. Modernitate likidoaren inguruko hausnarketa gordina da, gizajoak ez baitu harremanetan sinesten. Hobeto esanda, harremanek ikaratu egiten dute, eta, horregatik, benetako pertsonen konpainia baino nahiago ditu emagalduak eta pornoa. Sexua da bere obsesioa, eta lanean ere ez dio kanpaia jotzeari uzten. Gaixorik dagoela dirudi. Ez da sexuaz harago ezer ikusteko gai. Daraman bizitza sexuala sintoma bat da, azken batean maitatzeko eta maitatua izateko gai ez den ergel bat besterik ez baita. Harremanek eta konpromisoak, batez ere, ikara sortzen dute, eta gai horren inguruan hausnarketa ugari eta interesgarriak ikus daitezke azkenaldian aretoetan; Jason Reitmanen Up inthe Air aparta da adibiderik aipagarriena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.