Kritika. Musika. Gasteizko 36. Jazzaldia

Hau amaitu da

Sonny Rollins saxo jotzailea, joan den larunbatean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
2012ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Ibrahim Maalouf eta Sonny Rollins.

Lekua: Principal antzokia eta Mendizorrotzako kiroldegia.

Eguna: uztailaren 21a.

Aurtengo Gasteizko Jazzaldiak agur esan zuen larunbatean, eta espero dugu agur hori datorren urtera artekoa izatea, egoera ekonomiko gaizto hau kontuan hartuta. Bukaeran, musikari mitiko bat izan genuen Mendizorrotzako taularen gainean, jaialdi honetako azken musika tantak bota zituena: Sonny Rollins saxo tenore jotzaile arras ezaguna. Esan behar da Gasteizko emanaldiaz gain Bartzelonan ere izango dela haren kontzertu batez gozatzeko aukera, azaroan joko baitu han. Horretaz aparte, aurten emanaldi asko eman eta emango ditu Europan zehar, hala nola Frantzian, Austrian, Suitzan, eta baita Ameriketako Estau Batuetako hainbat lekutan ere.

Datorren irailean 82 urte beteko dituen saxo jotzaile honek sasoi onean dagoela adierazi zigun, euskara hutsean «eskerrik asko» batekin hasitako emanaldian. Bere putz-egite indartsua ez da bere garai hoberenetakoa, jakina, baina oraindik instrumentua gogoz jotzeko gauza da eta ez du galdu bere irudimen inprobisatiboa. Atal erritmiko oso indartsuaren laguntzarekin — izugarrizko maila erakutsi zuten Kobie Watkins bateria jotzaileak eta Sammy Figueroa perkutsio jotzaileak—, etengabe aritu zen saxo tenorea jotzen bi orduko emanaldian, tarteko ordu erdiko atsedenaldi bat aparte. Dena den, Rollinsek arazoak dauzka aldakan, eta horrek mugikortasuna nabarmen zailtzen dio; baina ez taularen puntu batetik bestera saxoa jotzen etengabe ibiltzea eragotzi arte. Hartara, bere taldekideekin etengabeko elkarrizketak sortzeko gauza izan zen.

Kiroldegia bete ez zuten ikusleek umore onarekin jarraitu zuten emanaldia, Rollinsen Kalipso aire tipikoarekin borobildu zena.

Arratsaldean, Ibrahim Maalouf Libanon jaiotako tronpeta jotzailearen taldea aritu zen Principalean, Diagnostic proiekturekin. Atzerapen nabarmenarekin hasitako emanaldiak amaiera dotore eman omen zion aurtengo Jazzaldiaren XXI. Mendeko Jazza atalari, non musikari oso interesgarriak ikusteko aukera izan dugun. Haien artean, zalantzarik gabe Dominick Farinacci eta Ambrose Akinmusire musikariak aipatuko ditut batez ere.

Amaitzeko, lerrotxo hauek profitatu nahi ditut nire elkartasuna eta mirespena adierazteko Juan Claudio Cifuentes Cifu jazz musikaren hedatzaile ezagunari. Ezin izan zuen jazzaldia amaitu arte gozatu ahal izan, bere adierazpen askatasuna baliatzearren batzuengandik jasotako erantzunarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.