'Ninika' eta 'Kafka eta panpina bidaiaria'
Konpainiak: EliralE eta Tanttaka. Lekuak: Donostiako Intxaurrondoko kultur gunea eta Victoria Klub aretoa.Eguna: Urtarrilak 4.
Urtezahar eta Eguberri inguruko egunetan aukera politak izaten dira etxeko txikiekin arte eszenikoak ikusteko. Aurreko urtea amaitzekotan zegoela Hika konpainiak Ilargiaren bi aldeak eman zuen Donostian eta 2012aren hasieran EliralE-ren Ninika eta Tanttakaren Kafka eta panpina bidaiaria aurkeztu dira hiri berean. Hiruretan nagusitu da haurrak izaki adimenduntzat hartzeko joera, eta ikusteko modukoa izan da hiruretan haurrek zein helduek izandako atxikimendua.
Pantxika Telleriak zuzenduriko Ninika dantza lana haur txikientzat sortua da, eta honetan ere eman dira EliralE konpainiaren aurreko lanetako —Otto, Kadira…— samurtasuna eta zorroztasun estetikoa.
Gorri koloreko zoru baten gainean zuhaitz zuri eskematiko bat izan da apaingarri bakarra, eta zuri kolorekoak ere izan dira bi nesken eta mutilaren jantziak. Soinu-banda aberats eta alaiaren pean hainbat ariketa jostagarritan murgildu dira basoaren erakarmen magikoa irudikatzen zuten bi neskak eta ausardia arduragabearen poza gorpuzten zuen mutila. Emanaldian zehar euskal folkloretik eratorritako pausoak eta elementu sinbolikoak naturaltasun handiz elkartu dira lengoaia garaikidearekin eta —ene ustez garrantzi handikoa dena— balizko narratibotasun uneak aitzakia hutsa izan dira kalitate handiko abstrakzioari bidea errazteko.
Kafka eta panpina bidaiaria, berriz, Tanttakaren muturreko perfekzioaren eredua izan da ostera ere. Aitziber Garmendiak berak euskaratu duen testuarekin. Katalanezko bertsioa taularatu ostean —oinarrizko eleberria Jordi Sierra i Fabrarena da eta antzerkirako bertsioa Guillem Jordi Graells-ena—, orain ikusi duguna, jariotasun osoz euskaratu ere.
Taula gainean pastel koloretako hamaika euritako, egurrezko jesarlekua, kulunka eta aktoreak izan dira nagusi. Eta hortik aurrera, aktoreak eta testua lehia bizian ibili dira emanaldia bikaina izan zedin. Bide horretatik, jatorrizko aitzakia argumentalak —Kafkak haur batentzat idatzitako gutun sorta miresgarriak— gure baitaraino heltzeko gaitasun itzela erakutsi du, eta taula gaineko hiru antzezleek erabateko sinbiosian agertu zaizkigu testuarekin eta eremu eszenikoarekin. Jose Ramon Soroizek sekulako malenkoniaz kutsatu du panpinen postariaren pertsonaia maitagarria eta Ainara Ortegak kontrapuntu bikaina egin dio biolinista, abeslari eta aktore bezala. Baina zalantzarik gabe, Aitziber Garmendia izan da, merezimendu osoz, antzezlanari tonua, bihotza eta erabateko sinesgarritasuna eman diona, umea den baina heldu dirudienaren rol ahaztezinean.
Kritika. Antzerkia
Haurrekin ez da jolasten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu