Kritika. Musika

Hegaldi zorabiagarria

Arkaitz Mendoza.
2012ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Lawrence Renes. Narratzailea: Kirmen Uribe. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Martxoak 5.

Bilbotik Frankfurtera. Ilusioz betetako zakua magalean. Hegazkineko eserlekuan kokatu, eta Aaron Coplanden Common Man Fanfarrea entzuten hasi nintzen musika-erreproduzitzailean. Hor nuen gertuko Euskadiko Orkestra, haize metalak boteretsu, tinbala erne, adierazkor eta euskarri sendo. Gogo biziz hasi nuen hegaldia, Frankfurt zeruertzean eta Ameriketako ametsa azken helbide. Hegazkineko leihatilatik Frantziako Bordele hiria begiztatzen nuen bitartean, herrimin berezia sentitu nuen. Horretarako aproposa nuen Aita Donostiaren Itsasoan kantua, hariaren kulunkada bakoitzarekin lo kuluxka gozagarria desiratuz. Sentikor eta koloretsu agertu zen EOS, melodia bakunaren harmonia goxoak liluraz dastatuz.

Bat-batean hegaldiko agintari genuen Lawrence Renes zuzendari-pilotuak abiadura areagotu zuen, Leonard Bernsteinen Candide oberturari ikaragarrizko arrapalada eroa txertatuz. Orkestrak ezusteko handia jasan zuen, haria eta zurezko haize instrumentuen arteko zorabioak etengabekoak izanik. Gogoz pilotatzen zebilen Renes, alai, orkestra pasio handiz astinduz, nahiz eta itxura dotoreko interpretazioa ez eskaini. Bidaiarion bihotzak tentsio larrian jipoitu zituen, eta Bernstein amaitzean, taupadak guztiz moteldu beharrean, Samuel Barberren Adagio mugikor eta ulergaitz bat zabaldu zigun Renesek. Obrari ez zion mamirik atera, apal soinu eratzean, hariz talde handiarekin abiadura makaltzeko onura aprobetxatu beharrean, Renes kontrako bidean abiatu zen; disonantzia erakargarriak ez ziren zilegi hautatu eta Renesen partaidetza tamalgarri bilakatuz.

Frankfurtera segituan iritsi ginen. Zorabioa adigarria zen nire buru koxkorrean, eta atsedenaldia beharrezkoa nuen. Arnasketa bere onera ekarri, eta Dvorak txekiarraren Mundu Berria Sinfonia-z jabetzeko indarrak eraberritu nituen. Itsasketa mapan urruti antzematen zen «mundu berria», txikitatik amestutako Amerika hortxe nuen, baina oraindik urruntasunean. Renes pilotuak sekulako hegazkina zen orkestra aireratzen hasi zen, baina berriz ere zorabioak. Scherzoan oboeak eta klarineteak melodia berberean bi arnasketa ezberdin hitzartu zituzten, Renesek etenaldi aztarnak ez zituen errespetatu, eta une delikatuetan ez zion orkestrari ezer exijitu, praktiketan diharduen pilotatze xumea azalduz. Hurrengo batean Kirmen Uriberekin gozatuko dut Bilbo-New York-Bilbo hegaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.