'The Bourne Legacy'
Zuzendaria: Tony Gilroy. Aktoreak: Jeremy Renner, Rachel Weisz, Edward Norton, Joan Allen, Albert Finney. Herrialdea: AEB. Iraupena: 135 minutu.
Orain dela hamar urte arrantzale talde batek urpetik atera zuenean ezagutu genuen Jason Bourne (zineman). Lapurtutako nortasunaren bila abiatuko zen CIAko espia matxinoa, bilaketa horretan hamaika oztopo aurkituko zituen, hamaika abentura biziko. Robert Ludlum idazleak sortutako pertsonaia hiru pelikula bikainen protagonista izan zen, eta, horien bitartez, espioitza generoa gaurkotu zuen.
Bourneren oinordekoaren hasiera ere uretan gertatuko da, lehen planotik bi sailen arteko lotura egin nahi izan du Tony Gilroyk, argi eta garbi. Aurreko hiruretan gidoilari lanak egin zituen; hortaz, ordezko logikoa zen Paul Greengrassek utzitako hutsunea betetzeko.
Gilroyren zuzendaritzapean, sailaren ezaugarri gehienak errespetatuko ditu The Bourne Legacy-k. Berez, Jeremy Renner ez da Jason Bourne, baina Matt Damonen pertsonaiaren klon moduko bat izanen da. Aaron Cross du izena protagonista berriak; funtsean, Bourne bera da. Ihesean ibiliko da espioia, atzetik CIA ahalguztiduna duela. Teilatuz teilatu egin beharko du ihes, eta moto batean, abiadura bizian,hiri ezezagun batean barna ibiliko da.
Horiek horrela, The Bourne Legacy-k sentimendu kontrajarriak eragiten ditu. Batetik, pozgarria da ikustea sailaren ezaugarri eta molde nagusiak errespetatu direla, frankizia hutsaren errazkerietan erori gabe. Alde horretatik, gaur egun egiten diren akzio pelikula gehienen gainetik dago filma.
Horrekin batera, déjà vu moduko bat eragiten du. Bourne ez den protagonista bournearra du pelikulak, eta hainbat sekuentzia aurreko hiru pelikuletatik hartuta daudela ematen du.
Horiek horrela, originaltasun falta leporatzen ahal zaio The Bourne Legacy-ri, edo, besterik gabe, jatorrizkoarekiko gehiegizko fideltasuna.
Azken finean, The Bourne Legacy-k duen erronkarik zailena horixe da, nola eman segida Bourneren sailari Bourne gabe. Zeregin horrek trantsizio istorio bat eskatzen zuen, eta horixe da, hain zuzen, film hau. Bere helburua ongi beteko du lehen bi herenetan, baina handik aurrera dezente eginen du behera istorioak.
Pertsonaia antagonikoaren rolak inposatutako zerbait ematen du, haren agerpen eta desagerpenak triste samarrak dira. Amaierak trantsizio filmaren sentipena areagotuko du, nolabait Aaron Crossek Jason Bournerenitzala amatatuko du. Hortik aurrera, libre egin ahalko du bere bidea.
Kritika. Zinema
Hil ezazu aita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu