Kritika. 73. Musika Hamabostaldia. Organo zikloa

Hiru bider hiru

Alize Mendizabal, Loreto Aramendi eta Ana Belen Garcia. GARI GARAIALDE / ARP.
Arkaitz Mendoza.
2012ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Loreto Aramendi, Alize Mendizabal eta Ana Belen Garcia

Egitaraua: XX. mendeko musika frantziarra eta 'Donostiako Irudiak' obraren estreinaldia.

Lekua: Donostiako Artzain Onaren Katedrala

Eguna: Abuztuak 8.

Hiru organo jotzaile, hiru konpositore eta hiru emaitza guztiz ezberdin. Artzain Onaren katedralean kokaturiko kristoren organoak suziriz beteriko obrak eskaini zituen Donostiako hiru damatxoen eskuen bitartez. Bost teklatuko organotzar horrek handikeriara eta ikusgarritasunera abiatzen du entzulea, nahiz eta soinu kalitate aldetik hain berezia ez izan. Izugarria da, erregistro pila, bost teklatu amaiezin eta inguruan aurki dezakegun instrumenturik bortitzena; halere, erregistro bat sakatzean, oboea edota tronpeta, eman dezagun, kalitateak porrot egiten du, ez baita organo erromantikoetan nabarmentzen den soinu gardenera hurbiltzen. Kantitateak ez du beti kalitatea bere pareko.

Hiru organo jotzaile andereak Andra Maria basilikako Cavaille-Coll organo zerutiarraz arduratzen dira, eta hor bertan merezi zuten errezitaldia ospatzea. Loreto Aramendik gaitasun oparoak azaldu zituen Louis Vierneren 1. Sinfonia-ren Final atalean, erregistro egokiak aukeratuz, eta organoaren soinu botere handian melodiak nahastu arren, garbitasun txukuna erakutsi zuen bere lanean, serio eta emankor. Charles Tournemireren Victimae-Paschali koral inprobisazioan, organoaren erregistro sakonak berriz ere txiro entzun ziren, organo jotzaileak distiratsu interpretatu arren, organoaren lehengaiak aldaezinak zirela frogatuz.

Jarraian, estreinaldi xelebre bat: obra bakarra, Donostiako Irudiak, eta hiru konposatzaile egite prozesuan. Bitxia eta nahaskorra izan zen proiektua. Alize Mendizabal andereak fidagarritasunez interpretatu arren, estilo ezaugarriak kontrajarri pilatzen dira obra berean. Aitor Uria motz, organo instrumentuari kutsua ateratzeko garaian, harmonikoki interesgarri baina xume organoak eskaintzen dituen aukeretan. Fernando Gonzalok Kristinaenea parkeko txori kantak jostagarri imitatu zituen, eta Jose Luis Franzesenak Urumeako zubiak olatu talka bidez ederki oso konektatu zituen. Ana Belen Garcia, aldiz, ikaragarri aritu zen, bai Marie-Bernadette Dufourceten Vent Oblique obran, teklatu aldaketetan ikusgarri, bai Jeanne Demessieux-ren Te Deum obran, bikaintasuna argudio ederrekin gailenduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.